Giroa goitik, puntuak behetik

  • Oiongo herriko plaza eguerdian: Iparraldeko gazteak kantuan eta dantzan, koadrilak poteoan eta giro ederra. Etxahun Lekuek agurrean bota zuen bere lagun batzuekin haserre zegoela, saioa Oionen urrun zela-eta, “ez dakit zelan sentitzen diren zuek baino euskaldunago” kantatu zien oiondarrei. Bertako “Txandrio” bertso-eskolakoak eta Arabar Errioxako euskaltzaleak pozez gainezka zeuden Txapelketa Nagusiaren bisitaz.


2013ko urriaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Pena bakarra saioari distira handiagoa atera ez izana. Etxahun bakarrik sailkatu zen, baina egon zen ale ederrik jakina:

Etxahun Lekue: Eskertzekoa da ofizioetan erantzuteko eta elkarrizketak osatzeko duen joera eta gaitasuna. 8ko txikian Etxahun modeloa eta Miren artistagaia saio ederra joan zen. 10ko txikian Eneritzekin, bi futbol jokalari handi aulkian eserita, Eneritzek Gareth Bale zela bota zion eta Etxahun Iker Casillasen paparean sartu zen: “Casillas naiz lehenago nenbilen pozarren, ta orain bankiloan gu hurrenez hurren, nahiago dut jokatu nahiz izan Eibarren”. Kartzelakoan larregizko istorioa eraiki zuen, bihotz baten bila Nigeriara joandako lagunaren paperean.

Miren Amuriza: Ondo, baina agian beste egun batzuetako distira falta izan zitzaion. 8ko handiko gairik “zailena”, nire ustez, berari eta Manexi egokitu zitzaien. Hortik aurrera hobeto ibili zen, 10eko txikian -Iratxerekin batera amari diagnostikatutako alzheimerraren berri esan ez esan zebiltzan-, goitik beherakoa bota zuen: “Atzo ahaztu zituen sutan sei kroketa, gaur non gordeta duen bankuko libreta, esango bagenio a ze desoreka! Nire ustez hobe da egia gordeta, esanda ere ez dugu sendatuko eta!”. Kartzelakoan istorio polita asmatu zuen baina agian guztiz gozatu gabe.

Iratxe Ibarra: Ofizioetan nekezago eta bakarka oso ondo. Bere puntu erantzunak eguneko onenak izan ziren, bigarrena honatx: “Supermerkatuetan badabil jendea… dana topau leike han, jana ta lorea, baina txikiek deuke euki kolorea, eta tratua ere askoaz hobea!”. Kartzelako gaia dotore eta sinesgarri josi zuen, bere amamaren heriotzean laguntzera iritsi ez dela, bertsotan entrenatzen ari zela, bere biloba kuttuna zela…

Eneritz Zabaleta: Ofizioetan hobeki ibili zen bakarka baino. Saioa indartsu hasi zuen Iratxerekin drogak eta alkohola utzi nahian dabiltzan 2 lagunen egoeran: “Asteburua iritsi ahala, whiskya eta ricarr(d)-a, kokainaren zuztarraldia ta zerbezaren aparra, uste dut biok marrarik marra pasa genuela marra, orain bizitzaz aldatzea da nahi dudan gauza bakarra!”. 10eko txikian Etxahunekin erakutsi zuen kirol arloan oso jantzia dagoela, ez soilik rugbyan, baita espaniar futbol-ligan ere.

Maddi Sarasua: Gora-beheratsu ibili zen, baina asmatzen duenean jendearengana iristen da. 8ko txikian Iratxerekin mendira joan eta Maddi argazkiak egin eta egin zebilen, honela kantatu zuen “Lasai goruntza noa poliki-poliki, baina kamara harturik ta zapalduz finki, edertasuna mendi ta eguzki izpi, ezin dugu guretzat bakarrik atxiki!”. 10eko txikian arratsaldeko unerik ederrenetakoa eskaini zuen nahi gabe, Manexen paperetik kantatu zuen lehen bertsoa, baina bigarrenean ederki eman zion buelta, Manexen laguntza dotoreaz.

Manex Agirre: 8ko handiko gaiak ez zion lagundu eta kostata hasi zen. 8ko txikian ofizio ona eraiki zuten Eneritzek eta biek: alaba ateratzeko baimenik gabe zigortu, baina Manex etxean alabarekin geratu eta Eneritzek lagunekin afaltzera irten nahi zuen: Manexek “zuk kriston desfasea egin nahi zenuke, baina jada ez dituzu 18 urte!”, Eneritzek “baina jakizu gaua egingo dudala, nik 18 urte banitu bezala!”, eta Manexek “bihar resakak egin behar dizunez dei, gauez 18 ta goizean berrogei!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude