Gipuzkoako Foru Aldundian errepideak finantzatzeko atzo egindako bileran ez zen lortu alderdien arteko adostasunik. Batzar Nagusietako Mugikortasun Batzordeak jarraituko du eztabaidarekin eta Aldundiak bere proposamenak eman beharko ditu.
Foru Aldundiak eta Bilduk ez dituztela neurri zehatzak hartu kritikatu dute EAJk, PSEk eta PPk.
Bilduren ustez ibilgailu guztiek ordaindu behar dute errepide guztiak erabiltzeagatik eta EAJren eta PSEren jarrera kritikatu du ez dutelako eztabaidarako proposamenik egin.
EAJk esan du Bilduk zerga berri bat ezkutatu duela Gipuzkoako errepide guztiak erabiltzeagatik. Talde txostengileak ez duela ezertarako balio izan gaineratu du, "Aldundiak errepideak finantzatzeko sistema ezkutatu" duelako.
PSEk, Bilduk Diputazioako errepideen politikan eta finantzazioan porrot egin duela adierazi du. Bilduk ordainleku gehiago ezarri nahi dituela baina ez duela zehazten non, zenbat, nola bideratuko duten eta zenbat kostatuko diren.
PPk, Bilduri eta Aralarri ausardia falta leporatu die Gipuzkoako errepideen arazoa zehazterako orduan.
Aralarrek, EAJri eta PSEri arazoari irtenbidea bilatu beharrean beren hauteskunde interesak lehenestea leporatu die.
Atzoko bileran talde bakoitzak bere idatziaren alde edo aurrean zuenaren kontra egin du. Bilduk eta Aralarrek beren azken proposamenaren alde egin dute eta adierazi dutenez, txostenak herritarren berdintasuna bultzatzen eta justizia soziala bermatzen du. Bilduk gaineratu du autobideetako erabiltzaileek gehienez 25 euro ordaintzeko proposamena mugikortasun batzordera eramango duela, han eztabaida dezaten.
Alderdi guztiak bat datoz autobideak ordaintzearekin, beren mantentze kostuak ordaintzeko beharrezkoak direla uste dutelako eta ez datoz bat ordaintzeko moduak erabakitzerakoan. 900 milioi eurotakoa da errepideetako zorra eta Bidegik ordaintzen du.
Aurreko legealdian EAJk eta PSEk bultzatu zuten foru-araudia ordezkatzeko helburuarekin sortu zuten talde txostengilea Bilduk, PPk eta Aralarrek urtarrilean. Orduko arauak, berehala indargabetu zenak, Etxegaraten kamioiak ordainsaria izatera behartzen zituen, besteak beste.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.