Gillotinarako bidean jausitako esaldi bat
Xabier Letona| 2009-05-27

handitu txikitu
Egin-en itxiera.
Egin-en itxiera.

Noizbait aterako da zein bulegotan eta nortzuk erabaki zuten “dena da ETA” estrategia politiko-judizialaren abiada. Edozein modutan, joan den mendeko 90.eko hamarkadan izan zen hori eta 1997ko udazkenean HBko Mahai Nazionalaren aurka egin zen auziarekin haragiztatu zen epaitegietan. Eta kartzelaratu zuten Mahai Nazionala eta urtebete geroago Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Entzutegi Nazionalak jarritako zigorra eta kalera atera ziren mahaikideak.

HBko buruzagiak aske utzi eta geroxeago, 1998ko uztailean, Egin eta Egin Irratia itxi zituen Baltasar Garzon epaileak, ENAMen aurkako estrategia berriaren akuilatzaile nagusietakoak. Hamaika urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak gaizki egin zuela ebatzi du eta Orain SA legezko dela erabaki. Baina lekutan da Paris. Eta ohi bezala, erabaki honen eraginkortasuna haizeak eraman zuen aspaldi. Ehunka langile kalean, adierazpen askatasuna txikitua, askok pasa dituzten kartzela urteak, beste batzuk espetxean dira oraindik...

Eta Gorenak esan du ezin zela Egin itxi, funtsean ETArekin lotzen zuten Orain SA eta Egineko karguak etakideak ez zirelako -Auzitegi Nazionalaren epaiak zioen bezala- ETAren kolaboratzaileak baizik. Eta kolaboratzaile soil izanik, hauek zigorra merezi dutela baina medioa ezin zela horregatik itxi.

18/98ko zigorretan, halaber, Gorenak bederatzi absoluzio eman eta gainerako espetxe zigorrak nabarmen murriztu ditu. Pertsonak tartean direnean ezin esan berdin denik 24 urte edo 8 betetzea, edo 12 edo 7, areago gaur egun zigorrak osorik bete behar direnean. Baina Gorenaren epai honek ez du zipitzik aldatzen auziari buruzko analisi eta balorazio politikoa: Estatuak ENAMeko jarduera politikoa zigortzen du eta horrek zuzenbideko estatuaren zutoinak urratzen ditu erabat. Hori auziaren epaiketan zehar esan bazitekeen, orain ozenago, are gehiago Auzitegi Gorenak Egin-ekin egindako barrabaskeria aitortu eta legez kanpokotzat jotzen duenean.

Eta honek guztiak, ez dakit zergatik baina iruditzen zait baduela zerikusirik Frantziako Iraultzako pertsonai garrantzitsu batek gillotinarako pasabideetan utzitako esaldiarekin. Luis XVI.a erregearen epaiketan Luois de Saint-Just-ek egin zuen iraultzaren fiskal lana eta honakoa esan zion gerora gillotinatua izango zen erregeari: “Zure aurkako borroka da gure egin beharra, ez zu epaitzea”.

  • Iruzkina idatzi
  • Inprimatu
  • Lagun bati bidali
Partekatu Albistea Bildura bidali delicious-era bidali zabaldura bidali twitterera bidali facebookera bidali

Albiste honi erantzun

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   
Larrun
"Eredu ekonomikoari bira eman ahal zaio?"
Denda
Argiaren urteurreneko Zumetaren lamina
Argiaren urteurreneko Zumetaren lamina
Salneurria: 160€
Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia