Dementziak ez du sendabiderik, ez behintzat oraingoz. Gaur egun, bi bide jorratzen dituzte galera moteltzeko: farmakoak eta psikoestimulazioa. Dementzien %95 adinarekin dago lotuta; 80 urtetik gorakoen %30-40tan agertzen da. Eustatek egindako kalkuluen arabera, 2035ean, Euskal Autonomia Erkidegoan 80-84 urtekoak 83.840 izango dira; atera kontuak.
Espainiako Estatuan 800.000 biztanlek dauka alzheimerra, dementzia mota usuena. %85 etxean daude. Jo dezagun gaixo bakoitza pare bat lagunek artatzen duela. Bada, 47 milioi biztanleko estatuan 1,6 milioi pertsona alzheimerra duten gaixoak zaintzen ari da. Dementziak ez baitu sendabiderik oraingoz, baina dementzia duen gaixoak laguntza handia behar du, erabatekoa etapa batetik aurrera.
Dementzia gaixotasun terriblea dela esateko badira hainbat arrazoi. Sendagaiak eta psikoestimulazioa darabiltzate gaitzaren erritmoari frenoa jartzeko, baina sendatzen ez dakite. Gaitzak aurrera egin ahala gaixoa ezertarako ez dela geratzen da, menpekotasuna erabatekoa da, eta ondoan etengabe behar du laguntza, liburuaren izenburuak dioen bezala Egunean 36 ordu, eta hil artean horrela izango da. Bada beste arrazoi bat oso kontuan hartzekoa: zahartzaroak ez du barkatzen eta 80 urtetik gora biztanleen %30-40k garatzen du gaitza. Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) dio 2005-2006 urteetan gizonen bizi itxaropena 77,2koa zela eta emakumeena 84,3koa, Euskal Autonomia Erkidegoan. 2050ean gizonek, batez beste, adin berean hiltzen jarraituko dute, eta emakumeek 86 urteko batez bestekoa harrapatuko dute.
Baliabide asko jarri dute eta ari dira jartzen alzheimerra aztertzeko, inbertsio oro gutxi baita egunerokoan gaixoen arretak sortzen duen gastuarekin alderatuta.
Zer da dementzia?
Dementzia zer den azaltzeko, nolabaiteko alderaketa egin genezake ordenagailuarekin. Jo dezagun birusak eraso duela makina eta memoria galdu duela. Antzeko zerbait gertatzen zaio dementziak eragindako pertsonari. Memoria aurretik atzera desegingo zaio. Gaur goizekoa, atzokoa, ahaztuko zaio lehendabizi eta gaitzak aurrera egin ahala geroz eta kontu zaharragoak geratuko zaizkio iltzatuta buruan. Adinekoak haren gurasoak izango ditu gogoan, haurra zeneko garaiekin akordatuko da. Dementziaren sintomarik nabarmenena horixe da, memoria galera. Gero etorriko dira bestelako ondorioak: ibiltzen ahaztuko zaio, pixari eta kakari ezingo die eutsi, hitz egiteari utziko dio...
Borja Inza Donostia Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Saileko terapeuta da, eta Matia Fundazioko aholkularia. Urte luzez ezagutu eta artatu ditu dementzia duten adinekoak; haren amak ere alzheimerra dauka. Gaixoari egin diezaiokegun okerrena, hormari edo leihoari begira uztea dela dio. Ez dauka inolako estimulurik eta horixe behar du pertsona horrek, nagitzen hasiak zaizkion garuneko engranajeak mugitzea. Dementzia geldiarazteko zein bide dauden galdetu diogu terapeutari: ametsa txertoa da, gaixotasuna saihestuko duen injekzioa. Gainerakoan bi bide jarraitzen dira, elkarren artean osagarri direnak: sendagaiak eta psikoestimulazioa.
1989an hasi zen Inza psikoestimulazioaren mundua aztertzen. Zaharren garuneko engranajeak herdoilduta ez geratzeko ariketak sortu nahi zituen, baina eredurik ez zuen aurkitzen. Haurren mundura jo zuen eta estimulazio goiztiarrarekin egin zuen topo. Hura eredu hartu eta zaharren dementzia kasuetarako moldatzen hasi zen. Ariketa sortaz osatutako tableroa egitea zuen buruan: batuketak eta kenketak, letra zopak, irakurtzeko gaitasuna lantzekoak, pentsamendu abstraktua garatzekoak...
Adituak ez dira esate aldera ari adinekoentzat oso onuragarria dela sudokuak eta gurutzegramak egitea, liburuak irakurtzea, eta Inzak dioen moduan, “baita paseatzea bera ere”. Bi gauzatarako balio dute ariketek: batetik, dementzia prebenitzeko, eta bestetik, jada gaitza duenarekin tratamendu gisa erabiltzeko.
Azaldu ditugun moduko ariketak, mahai gainerako tablero itxuran, asko dira merkatuan, batik bat umeentzako. Hezkuntza arruntean eta hezkuntza berezian, bietan erabiltzen dira. Jokoak egokitu egin behar dira ordea, ez da ahaztu behar “umeak arinago ikasten ari direla, eta zaharrak berriz, ikasitakoa motelago galtzen”. Beste era batera esanda, eta Inzak ederki dioen moduan, adinekoekin lanean ari diren profesionalek badakite beti direla galtzaile; erronka da, hala sendagaien bidez nola psikoestimulazioari esker, gaitasunak motelago galtzea, ez galera saihestea. Bi bide erabiltzen dituzte gaixoaren eboluzioa jakiteko. Batetik, banaka hartu eta psikoestimulazio ariketak nola egiten dituzten aztertzen dute. Bestetik, hilero garuneko testak egiten dizkiete.
Borja Inzak eta Enrike Arriolak (Matia Fundazioko Memoria eta Alzheimerraren Unitateko arduraduna) Mente y Vida psikoestimulazio tableroa egin zuten 2001. urtean, adinekoentzako egoitzetan, dementzia dutenekin eta ez dutenekin erabiltzeko. Inzak, telebista eta irrati saioak imajinatzen ditu garuneko engranajeak mugimenduan mantentzeko ariketak emititzen. Ordenagailuetarako egokituak dagoeneko badaude. Inzak eta Arriolak sortutako sistema mahairakoa da, taldean aritzeko, “banaka erabiltzekoak asko daude, baina gaixoak banaka artatzea oso garestia da. Egoitzetan taldeka moldatu behar, nola bestela?”. Banaka aritzea garestia dela esan digu, baina berak adierazi digu etorkizunean formatu txikiko sistemak diseinatu beharko direla, adinekoak egoitzetan baino etxean artatzeko joera nagusituko delako.
Informazio gehiago:
Irakurri artikulua pdf formatuan. Mente y Vida psikoestimulaziorako mahai taulari buruzko artikulua ere irakur dezakezue pdf honetan. Narriadura kognitiboa edo kalte zerebralak dituztenekin erabiltzeko ariketak ditu aipatu taulak.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.