Gaixotasun larri eta sendaezinenak dituzten presoei buruzko dokumentala egin du Etxeratek. 'Gaitz isilduak' izena du filmak eta "larriki" gaixorik dauden arren espetxean jarraitzen duten hamalau presoren bizipenak batzen ditu. Dokumentala ostiral honetan estreinatuko dute Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian eguerdiko 12:00etan.
"Hamalau gaixotasun dira, hamalau egoera, hamalau bizipen. Baina guztiek dute zerbait komunean: larriki gaixorik egon arren, espetxean jarraitzen dute", azaldu du Etxeratek ohar batean. Hamalau kasu hauetan presoen oinarrizko eskubideak urratuak izaten ari direla salatu du Etxeratek eta senideek egoera hauen aurrean sentitzen duten "ezintasuna" sentitu daitekeela gaineratzen du.
Inma Berriozabal santutxuarra da gaixotasun larria duen presoetako bat. Berriozabalek 61 urte ditu eta gaitz pluripatologikoa du, Jaiki Hadi gaixo dauden euskal presoen egoeraren jarraipena egin eta laguntza ematen dieten sendagileen elkarteak jakitera eman duenez. Besteak beste, diabetes mellitus II, B hepatitia, bronkioetako asma, psoriasia, belaun protesia, hipertentsioa, sinusitia eta insomnio kronikoa ditu.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.