Frantziako telebista publikoak murrizketak iragarri ditu larrialdi ekonomikoa dela-eta. Besteak beste, tokiko emisioak gutxitu nahi ditu, eta tartean, France3 Euskal Herri saioa harrapatu du. Hiru astez tokiko emisioak moztea erabaki du.
Murrizketa burura eramanez gero, tokiko informazioa emateari utziko lioke eta astelehenetik ostiralera euskaraz eta euskal kulturari eta euskalgintzari buruz egiten den tartea bertan behera geratuko litzateke. Euskal Konfederazioa ez dago ados Frantziako telebista publikoak ezarri nahi dituen murrizketekin eta hala adierazi du: “Eguneroko emankizun horri segundu bakar bat kentzea gibelapen kezkagarria da beraz, telebista kate publikoek zerbitzu publiko gisa euskara kontuan hartzeko eta garatzeko duten ardurari begira”.
FranceTV kateak esan duenez, tokiko emisioak hiru astez etenda 700.000 euro aurreztuko lirateke. Allande Boutin France3ko kazetariak, Berrian egindako elkarrizketan adierazi duenez, argudio ekonomikoen atzean tokiko telebista sarea desegiteko asmoa dago.
Murrizketak orokorrean eta France3 Euskal Herri albistegia kentzea salatzeko elkarretaratzea izango da gaur 12:15ean Baionako Merkataritza Ganberan.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.