Frackingaz zure iritzia jakin nahi du Europar Batzordeak, gogoak ematen diona egin aurretik

  • Bageneramatzan aste batzuk frackingaz hitz egin gabe, baina azken orduetan albiste bi suertatu dira, ezohiko isiltasun hori hausten lagunduko digutenak. Bata etxekoa da: EHNE sindikatuak eskaria erregistratu du Eusko Jaurlaritzan, EAEko lurraldean haustura hidraulikoa debekatu dadin. Eskari horren zergatiak EHNEk berak esplikatuko dizkizu hemen. Ez dugu guk horiek errepikatzen denbora alferrik galduko, dagoeneko mila aldiz errepikatu diren arrazoiak dira eta.


2013ko martxoaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
EHNEko kideak frackinga debekatzeko eskaria erregistratzen Eusko Jaurlaritzan. (Arg.: EHNE).

Ez dakit EHNEren ekimenak zenbateko oihartzuna lortuko duen gurean. Baina seguru Brusela aldetik datorkigun beste honek askoz apalagoa lortuko duela: Europar Batzordeak kontsulta bat zabaldu du, bere herritarrek erregai fosil ez-konbentzionalei buruzko iritzia eman dezaten. Izan ere, eta kontsultaren zergatiak azaltzen dituen testutxotik zuzenean hartutakoa da esaldi hau (euskaratzea, nirea), “Batzordeak bere 2013ko lan egitarauan txertatu du ‘hidrokarburo ez-konbentzionalen erauzte seguru eta babestua ahalbidetzeko ingurumen, klima eta energia ebaluaziorako marko bat’ garatzea”.

Laburtuz: Europar Batzordeak dio orain hasi behar dela aztertzen ea erregai fosil ez-konbentzionalak ustiatzeko modu seguru eta garbirik dagoen. Frackinga eta enparauak atzo goizeko asmakizuna balira bezala. Orain dela lau hamarkada hasi ziren AEBetan hastura hidraulikoa erabiltzen, eta ebidentzia zientifikoak –hortik kanpo uzten ditut industriak ordaindutako lanak– argi utzi du ez dagoela erregai ez-konbentzionalak erauzteko modurik ingurumenari kalte larria eragin gabe. Baina horrek ez dio axola, nonbait.

Hala, herritarrei egiten zaien lehen galderetako batean, hiru hauetako bat aukeratu dezan eskatzen zaio:

  • Uste dut erregai fosil ez-konbentzionalak (esaterako, eskisto gasa) Europan garatu behar direla edozein kasutan

  • Uste dut erregai fosil ez-konbentzionalak (esaterako, eskisto gasa) Europan garatu behar direla baina osasunerako eta ingurumenerako babesa bermatuta dagoen kasuetan bakarrik

  • Uste dut erregai fosil ez-konbentzionalak (esaterako, eskisto gasa) ez direla inolaz ere Europan garatu behar

 

Esan gabe doa erdiko erantzuna aukeratzeko jarri zaiola amua, bere burua muturretako jarrera fanatikoetatik urrun kokatzen duen europar herritar prestu eta jatorrari. Haatik, ondo begiratuta konturatu gaitezke bigarren eta hirugarren aukerak berdinak direla. Baina bigarren aukerak atea zabaltzen du gero “adituek” esan dezaten dagoeneko garatu direla frackinga gauza seguru eta garbi bihurtuko duten teknikak. Are gehiago: lelo hori bera erabili zuen, EAEko aurreko legegintzaldian, haustura hidraulikoaren sustatzaile nagusi  Xabier Garmendiak. Hau sinatzen duen kazetariak, behinola, galdetu zion ea zeintzuk ziren zehazki teknika horiek. Erantzun zain segitzen dut.

Frackingak arazo asko eta errentagarritasun eskasa dakartza. Orduan, nolatan gabiltza oraindik haren inguruan bueltaka etengabe? Galdetegiaren aurkezpen-testura itzul gaitezen, hortxe aurkituko baitugu esaldi argigarri askoa: “Aurrerapen teknologikoek [hara, hemen dira berriz ere] erregai fosil ez-konbentzionalak erauzteko aukera berriak ematen dizkigute (…), lehen garestiegia edo zailegia zen egitura geologikoetan”. Niri sinesgarriagoa egiten zait beste analisi hau: erregai ez-konbentzionalak erauzteko teknikek, hobetu arren, garesti eta zail izaten segitzen dute, baina merke eta errazak agortzen hasi direnez gero, azkenean garesti eta zailetara jotzea beste irtenbiderik ez zaigu geratu.

Dena den, eta kontsultarekin ilusio gehiegi piztu ez dadin, gogora dezagun aurkezpenaren azken esaldia. Horrek esplikatzen baitu, argi bai argi, zer zapore duen Bruselako erara egositako demokraziak: “Ez kontsulta honek ez haren emaitzek ez dute inondik inora baldintzatuko Europar Batzordeak gaiari buruz hartuko duen azken erabakia”. Harritzen nauen gauza bakarra hain argi esatea da.

Artikulu hau Unai Brearen Mundua ez da biribila blogetik ekarria da. Bertan, beste gai askoren artean, frackingari buruzko artikulu gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude