"Ez dugu Munduko Koparik nahi, etxe bat nahi dugu" diote Brasilgo behartsuek

  • Brasilen jokatuko den Munduko Futbol Txapelketa zeresana ematen ari da kirol kontuez aparte. Milaka herritarrek eta zenbait hedabidek salatu dutenez, Brasilgo Gobernua futbol txapelketa erabiltzen ari da auzo marjinalenen militarizazioa legitimatzeko eta familia asko euren etxeetatik indarrez botatzeko.


2014ko maiatzaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 18:20
Brasilgo auzo txiroak "militarizatuta" daudela salatu dute herritarrek. Irudian Amarildo de Souza, poliziak iaz hil zuen langilearen hileta (argazkia: Olmo Calvo).

Iaz ere protesta jendetsuak izan ziren Brasilgo kaleetan eta txapelketa erraldoia hasteko hilabete baino gutxiago gelditzen denean istiluak areagotzen ari dira. Herritar asko lekualdatu dituzte auzo txiroak zeuden lekuetan estadioak eraikitzeko. Eta zor publikoa nabarmen hazi da, horrek brasildarren bizi baldintzak hobetu ez dituen arren.

170.000 kaltetu

Herrialde osoan 170.000 pertsonak jasan dituzte  edo jasaten ari dira lekualdatze politikaren ondorioak, 2011n Munduko Txapelketako Herri Batzordeak kaleratutako txostenaren arabera.

Etxegabetze askotan familiei periferiako guneetan etxebizitza berriak eskaintzen dizkie Dilma Rousseffen Gobernuak, edo beste etxebizitza bat erosteko aukerarik eskaintzen ez duten kalte-ordainak ematen dizkiete.

Telerj favela

Egoerarik muturrekoenak, ordea, familiei etxebizitza berririk eskaintzen ez zaien kaleratze kasuetan ikusi dira. Telerj favela da horren adibide.

Txabola auzo horretako herritarrak apirilaren 14an desjabetu zituen poliziak, Diagonal hedabidean Rosa Jimenezek idatzi duenez, familiei beren ondasun eta pasaporteak jasotzeko aukerarik ere eman gabe.

5.000 pertsona inguru bizi ziren eraikuntza agentzia baten “espekulazioen biktima” izandako auzoan eta bizilagunetako batek Otra América hedabidean salatu duenez “koparen eraginez izugarri garestitu dira alokairuak eta ez dugu halakorik ordaintzeko aukerarik”.

Desjabetzeak ikusarazten

Kaltetuak haserrea gizarteratzen ari dira, eta gobernuari presioa egiten ari zaizkie irtenbide bila. “Ez dugu kopa nahi, etxe bat nahi dugu”, eskatzen dute.

Telerjeko familiek Rio de Janeiroko Udaletxe parean kanpatzea erabaki zuten apirilean, Eduardo Paes alkateari eta Sergui Olivera Cabral gobernadoreari konponbideak eskatzeko. Bertatik ere indarrez bota zituen poliziak.

Familiak Rio de Janeiroko katedralaren aparkalekuan jarri dira orain, Elizari negoziazioetan parte har dezan eskatzeko.

“Segurtasun politikak” faveletan

Paes alkateak eta Cabral gobernadoreak “segurtasun politikak” indartu dituzte Rio de Janeiron, eta  polizia berezia ezarri dute faveletan: Polizia Bakegile Unitatea (UPP portugesezko sigletan) deituriko indar militarizatua.

Futbol txapelketa hurbildu ahala, UPPren gehiegikeria kasuak ere hazten ari direla dio Brasildik Diagonaleko kazetariak. Eta ez unitate horrenak bakarrik: Maré favelan adibidez, ejertzitoak eta estatuko poliziak hartu zuten apiril hasieran hiriaren erdigunea nazioarteko aireportuarekin batzen duen bidea. “Bilaketa eta atzemate” agindu orokorra zuen poliziak, eta edozein etxebizitzatan agindurik gabe sartzeko aukera eskaintzen zien horrek.

Herritarren desenkantua

2007an, Munduko Futbol Txapelketa Brasilen jokatuko zela jakin eta urtebete geroago, galdeketa egin zen herrialde osoan. Biztanleriaren %79 bat zetorren Munduko Koparekin. Egun, populazioaren %48 baino ez da ekitaldi erraldoia babesten duena.

Hainbat adituk, gainera, Brasilen gertatzen ari dena 2010eko Hegoafrikako txapelketarekin edo 2004ko Atenasko joko olinpikoekin alderatu dute, eta “bide beretik doala” adierazi dute. Bi herrialde horietan gertatu bezala, eragin lazgarriena herritar behartsuenak jasaten ari direla eta Munduko Kopak epe luzeko eraginak izango dituela iragarri dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Munduko Futbol Kopa
2022-11-27 | Jon Torner Zabala
Qatar 2022, eliteko kirolaren iparrorratza

Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]


2022-11-23 | Euskal Irratiak
Patxi Vrignon Etxezaharreta kazetaria Qatarretik
"Munduko Kopa, oro har, ustela da"

Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.


Eguneraketa berriak daude