Donostialdeko metroaren proiektua onartu gabe dago eta obra egiteko dirurik egongo ote den ere ez dago argi, baina Eusko Jaurlaritzaren menpekoa den Eusko Trenbide Sareak ia milioi eta erdi euro gastatuko ditu 16 geltokitako seinaleei izena aldatzeko. "Topo" izenez ezagutzen den lineari Metro Donostialdea deituko diote hemendik aurrera, tren bera izan arren, gaur egun Hendaiatik Lasarterako bidea egiten duena hain zuzen ere.
Amara auzoko geltokiko seinaleak aldatzeko 277.300 euro kostako da eta gainontzeko geltokietako afixak aldatzeko 1.136.037 euro bideratuko dira. Geltokien izenak, Metro Donostialdearen logotipo argidunak eta gainontzeko informazio afixak instalatuko dituzte diru horiekin. Snohetta estudio norvegiarrak diseinatu ditu. Uztailaren 23an jakinarazi zuten haiek arduratuko zirela bai metroaren sarreren diseinuaz ere.
Hain zuzen ere, metro geltokien sarrerak aurkezteko ekitaldian Iñaki Arriola Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala presionatu zituen Donostialdeko metroaren alde egin zezaten. Bi erakunde horiek proiektuari ezetz esanez gero, azpiegitura "sostengatzeko zaila" izango litzatekeela adierazi zuen.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.