Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburu Patxi Baztarrikak euskararen erabilera bultzatzeko diru laguntza deialdia aurkeztu zuen atzo (26). Eusko Jaurlaritzak 10.825.000 euroko diru laguntzak banatuko ditu aurten guztira, iaz baino %27,07 gehiago. Hedabideek 4.750.000 euro jasoko dituzte, iaz baino %11,8 gehiago. Horietatik 500.000 euro tokiko telebistentzat izango dira. Aurten gainera, gaztelania nagusi duten egunkariek ere jasoko dute diru laguntza, astean behin euskaraz gutxienez 16 orri kaleratzen badituzte. Euskalgintzaren arloan diharduten erakunde pribatuen artean 1.250.000 euroko laguntza banatuko da. Informazio eta komunikazio teknologien arlora 1.000.000 euro bideratuko dituzte. Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako erakunde pribatuentzat 400.000 euro izango dira. Udalek 1.600.000 euro jasoko dituzte Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzeko. Azkenik, enpresetako euskara planak sortzeko eta garatzeko 1.825.000 euro bideratuko dira. Diru laguntza horiek jasotzeko baldintzen deialdia maiatzean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403