Urriaren 19an Euskarabildua jardunaldiak egingo dira Donostiako Koldo Mitxelenan, Iametza Interaktiboak, ARGIAk eta Ametzagaña taldeak antolatuta. Euskara eta teknologia berrien arteko elkargunea bilakatzea xede duen jardunaldietan David Hicksek, Albert Cuestak, Egoitz Goikoetxeak eta Lander Arbelaitzek parte hartuko dute.
Davyth Hicks Eurolang hizkuntza gutxituen agentziako zuzendariak Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: erabilera eta ikusgarritasuna handitzen. Etorkizuna eta garapena Europan hitzaldia emango du; Albert Cuesta kazetari eta teknologia berrietan adituak Sare sozial globalak: itzulpenaz harago izenekoa; Egoitz Goikoetxea Ageri.net proiektuko kide eta Elcorreo.com-eko SEO (Search Engine Optimization) teknikaria SEOaren garrantzia irakurle eta erosle euskaldunen nahiak internet bidez asetzeko gaiaz arituko da; eta Lander Arbelaitz ARGIA.com-eko erredaktore buruak euskarazko webgune batean lan egiteak dituen erronkez hitz egingo du.
Hitzaldi eta hitzaldi artean, euskarazko "hiru esperientzia arrakastasuri" buruzko bideo laburrak emango dituzte. Tropela.net txirrindularitza kinielak egiteko webgunea, Osasunlingua larrialdietako osasun-laguntzarako sistema eleaniztuna, eta IXA taldeko Manex Agirrezabalaren bertsotarako Arbel Digitala dira antolatzaileek nabarmenduko dituzten hiru egitasmoak.
Plaza kopurua kontrolatu ahal izateko, gomendagarria da izena ematea.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.