Isabel Celaá Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Pisa txostenaren emaitzak izan zituen hizpide atzo. Antza denez, ikasle euskaldunek emaitza txar samarrak lortu dituzte Zientzia ikasgaietan. "Kontua ez da gure ikasleak tontoagoak direla, euskara oso hizkuntza zaila dela baizik. Ez da katalana bezalakoa, hiru hilabetetan ikas daitekeena", adierazi zuen Celaák. Bere hitzetan, ikasle euskaldun berriek "esfortzu handia" egin behar izan dute azken urteotan, eta horrek ikasgai batzuetan eragin kaltegarria izan du.
Bestalde, hiru hizkuntzako ereduaren aldeko apustua berretsi zuen atzo Hezkuntza sailburuak. 2010eko otsailean aurkeztuko du bere proposamena. Dena den, aldaketak bultzatu aurretik, alderdien arteko adostasuna lortzea ezinbestekoa dela esan du Celaák.
Aste honetako ARGIAn Durk Gorter hizkuntzen zientzialari herbehereetarrari egindako elkarrizketa plazaratu dugu. Euskara ikasten ari da, eta Zer moduz? galderari honela erantzun dio: "Saihesten ari naiz euskara zaila dela esatea. Euskara ezberdina da, Europako beste hizkuntzekin konparatuta. Kexa hori darabilten erdaldunek nik baino abantaila handiagoak dituzte: ahoskera, soinuak berberak dira, hizkuntzaren alderdi pragmatikoa... Euskara oso logikoa da; ez daukazu ia salbuespenik, arauak oso finkoak dira". Propio Celaári zuzendutako erantzuna dirudi...
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403