Euskara da munduko 51. hizkuntza Calvet Barometroaren arabera

  • Kaleratu berri dira Calvet Barometroaren 2012ko datuak. Munduko hizkuntzen bizi-indarra edo “pisua” neurtzen dituen barometro honetan, inoiz baino hizkuntza gehiago sailkatu ziren iaz. Azken neurketa honetan, Alain Calvet eta Louis-Jean Calvet soziolinguistek Ethnologueren arabera 500.000 hiztun baino gehiago dituzten munduko 563 hizkuntzak neurtu eta sailkatu dituzte, 2010ean 137 neurtu zituzten bitartean. Hiztun kopuruaz gain, hizkuntza baten bizi-indarra edo “pisua” neurtzeko garrantzitsuak diren beste 10 faktore aintzat harturik, munduan “pisu” gehien duen hizkuntza ingelesa da, bigarrena gaztelania eta hirugarrena frantsesa. Sailkapen honetan mandarinera 10. lekuan geratu da. Euskara, berriz, munduko 51. hizkuntza da.


2013ko urtarrilaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Munduko hizkuntzen banaketa (Iturria: Wikipedia)

Emaitza honetara iristeko aintzat hartu diren faktoreak honako hauek izan dira: hiztun kopurua, entropia (hiztunen proportzioa, bizi diren herrialdeetan), zenbaten lehen hizkuntza den, ofizialtasuna, hizkuntza horretatik itzulitako liburuak, hizkuntzara horretara itzulitako liburuak, Literatura Nobel sariak, Wikipediako artikuluak, Giza-garapenaren indizea (hizkuntza hitz egiten den herrialdeetako batezbestekoa, NBEren datuen arabera), ugalkortasun-tasa eta Interneteko barneratze-tasa.

Egileek diotenez, bestelako faktore batzuk ere aukera zitezkeen baina hizkuntza guztiei edo gehienei buruzko datuak lor zitezkeen faktoreak lehenetsi dituzte. Bestalde, indize horiei guztiei 1eko balioa eman zaie, baina erabiltzaileak indizeen garrantzia barematu dezake, batzuena handituz eta besteena murriztuz eta ponderazio berriak egin. Esate baterako, beste faktore guztiak 1eko balioarekin utzi baina hiztun kopuruari 2ko balioa ematen badiogu, euskara 71. lekura jaisten da. Edozein kasutan, bizi-indar handieneko 100 hizkuntzen artean kokatzen da sailkapen honen arabera.

Duela gutxi, blog honetan bertan argitaratutako “Euskararen tamaina munduko hizkuntzen artean” artikuluak sortu zuen jakinmina eta izan zituen errakzioak ikusita, pentsatzen dut, datu berri hauek ere baten baino gehiagoren harridura eta jakinmina sortuko dutela.

Esan dezagun, bide batez Louis-Jean Calvet oso soziolinguista ezaguna dela. Bere lehen liburuetako bat Linguistique et colonialisme. Petit traité de glottophagie (1974) izan zen. Liburu hau erreferentzia ezinbestekoa izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan euskararen eta beste hizkuntza zapalduen aldeko mugimenduan genbiltzanontzat (gaztelaniara itzulita ere aurki daiteke). Anekdota gisa aipatuko dut Zeruko Argian argitaratu nuen lehen artikuluetako bat liburu honen kritika izan zela.

Harez gero, hainbat liburu argitaratu ditu. Ezagunenen artean: Que sais-je? saileko L’argot (1994), La sociolingüistique (1993) eta Les Politiques linguistiques, (1995). La guerre des langues et les politiques linguistiques (1987). Pour une écologie des langues du monde (1999) eta Il ‘était une fois 7000 langues (2011)

Albiste hau Kike Amonarrizen Algara edo ez gara blogean argitaratutakoa da. Bertan euskarari buruzko idatzi gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude