Herrira mugimendua atzo aurkeztu zuten Donostiako Kursaalean. Euskal preso eta errefuxiatu politikoak Euskal Herrira itzul daitezen lortzea du helburu. "Herri mugimendu" gisa aurkeztu zuten: "Milaka herritarren borondatea antolatu eta garatzea xede duen mugimendu irekia da", azaldu zuten Nagore Garciak, Fran Baldak eta Garbiñe Erasok.
Egin Dezagun Bidea ekimenak egindako lanarekin jarraituz, "euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea" izango da haren helburuetako bat, sorrerako agirian (PDF) dioen moduan.
Hauek dira, laburbilduz, Herrira mugimenduaren helburuak:
- Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea: dispertsio politikari amaiera emanez; gaixorik diren presoak aske utziz; bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak indargabetuz, hala nola, 197/2006 dotrina derogatuz, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak aske utziz, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta azkenik, isolamendu, mittard eta bakartze egoerei amaiera emanez.
- Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera eta bideak indarrean jarriz.
- Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari.
- Preso eta Iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.
Herrira mugimenduaren konpromiso nagusia, bestalde, "sentsibilitate eta izaera desberdinak izanik ere", helburu horiekin bat egiten duten herritarrak bildu eta antolatzeko markoa eta baliabidea eskaintzea da: "Helburu hauen alde aritzeko herritarren elkargunea eraiki nahi dugu, askotariko konpromisoei eta ekarpen mota desberdinei bide emanez. Horri erantzuten dio mugimendu hau sortzeko eta garapena emateko gure konpromisoak".
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403