Kosovo Europar Batasunean sartzeko lehen urratsak ematen hasiko da. Hala adierazi zuten Europar Batzordeko ordezkari Stefan Füle eta Kosovoko lehen Ministro Hashim Thacik Pristina hiriburuan egindako prentsaurrekoan atzo. Fülek adierazitakoaren arabera, hemendik aurrera Kosovoko Gobernuaren eskuetan dago gaia, Europar Batasunak ez baitu inongo eragozpen politikorik jarriko, nahiz eta herrialde gutxi batzuk honen aurka egon, tartean Espainia.
"Adostasun sendo bat baduzue, eta lan gogor egiten baduzue, sinesten dut datorren urteko lehen seihilekoan has ditzakezuela lehen negoziazioak. Kosovok EBn sartzeko egin behar duen bidea ez dago EBren esku, baizik eta erreformetan eta Kosovoko gizartean gai honi buruz kontsentsu handi bat lortzeko egiten duzuen lanean", adierazi zuen Stefan Fülek.
Kosovoko Lehen Ministro Thacik bere hitzak eskertzeaz gain, adierazi zuen Europar Batasunak eskatzen dituen kriterioak ez direla ez gutxi eta ezta errazak ere, baina herrialdeko erakundeek hauek errespetatu eta betetzen jarraitzeko asmo irmoa dutela.
"[EBn] integrazioa ez da aukera bat bakarrik, Kosovoren integrazioa EBn gure asmo eta helburua da", adierazi zion Lehen Ministroak prentsari.
Europar Batasunak eskatzen dizkion hainbat erreforma ekonomiko egin beharko ditu lehenik Kosovok, baina eragozpen politikorik ez da izango. Batetik, Serbiarekin mugan duen gatazka ez da oztopo izango, ezta Espainiak, Eslovakiak, Ziprek, Errumaniak eta Greziak herrialdearen independentzia ez onartu izana ere.
Serbia ere Europar Batasunean sartzeko hautagai da joan den martxotik, eta Kosovoko lehen ministroak adierazi du Kosovo eta Serbiak berriz ere "bide berean topo" egingo dutela, "baina oraingoan, bi herrialde independente gisa". Europar Batasunak adierazi du ez dutela onartuko Serbiak lurralde aldarrikapenetan oinarritutako baldintzarik jartzea Kosovoren sarrerari oztopatzeko.
Espainiak joan den urriaren 11n adierazi zuen, ez zuela Kosovoren sarrerarik onartuko, aurretik Serbiaren onespenik lortzen ez bazuen.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.