Eusko Jaurlaritzak 9,3 milioi euro bideratuko ditu 1980an baino lehen eraikitako etxebizitzen eraberritzean laguntzeko. Programa honen helburua EAEn dauden eraikin zaharren bizia luzatzea, egungo kalitatera egokitzea, eraikin hauek gutxieneko baldintzak betetzea eta energia kontsumoa aurreztea dira. Bide batez, eraikuntzaren sektorean lanpostuak sortu nahi ditu.
Eusko Jaurlaritzak gogoratu du EAEn 39 urte baino gehiago dituzten milioi bat etxebizitza daudela, Erresuma Batuaren ondoren Europako kopururik handiena.
Jaurlaritzaren esanetan, EAEko herritarren %31 etxe ahuletan edo oso ahuletan bizi da, eraikinen %15ak berehalako eraberritzea behar du, %76,8k irisgarritasun gabeziak ditu eta %29ak ez du igogailurik.
Jaurlaritzak obraren gastuen erdia ordainduko du gehienez, beti ere 15.000 euroko mugarekin.
Finantzatzeko proiektuak aukeratzean Jaurlaritzak lehentasuna emango die bizilagun eta etxebizitza kopuru handienari onura egingo dien proiektuei. Laguntza jasotzeko baldintza bakarra, 2014ko abenduaren 31a baino lehen etxebizitzaren eraberritzeak amaituak izatea da.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.