"Etxea zutik iraunarazteko dugun modu bakarra jendeari zabaltzea da"

  • Elkarrizketa: Reyes Ilintxeta.

    Ez monokulorik, ez belusezko jakarik, ez kokospeko izarrik. José María Hualde Ruiz de Gámiz, etorkizunean Casa Torreko markes jaunak, bere etxean, Baztan ibarreko Irurita herriko jauregian, turistak modu naturalean hartzen ditu. XV. mendeko oinetxea eta XVIII.eko jauregi barrokoaz gain, mendeetan zehar bildutako altzari, artelan eta agiriak ikusiko ditugu bisita gidatu trinkoan. Baztango historian atzera-aurrera saltoka ibiliko gara toke jolasean bezala.


2012ko martxoaren 24an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
(Dani Blanco).

Etxe noble batean sartu ahal izatea ez da oso ohikoa.

Anitz izan dira nobleziarekin lotutako etxeak Baztanen. Hau bat gehiago besterik ez da. Jauregiaren berezitasuna da XV. mendetik gaurdaino familia bera, gurea, hemen bizi izan dela. Garai batean Baztango noblezia nolakoa zen eta nola bizi zen ikusteko aukera eskaintzen du etxeak eta hori da bisitari ororen esku jarri nahi izan duguna. Aldi berean, jendeari zabaltzea eta erakustea etxea zutik iraunarazteko dugun modu bakarra da.

Zer gertatu da beste etxeekin?

Gehienak saldu egin dira. Batzuetan altxor txiki batzuk gordetzen dira, baina hemengoa bezalako bildumarik ez dute. Hainbeste altzari, liburu eta artelan oso kasu bakanetan kontserbatzen dira. Nafarroan aristokrazia goreneko bi etxe garrantzitsu badira izugarrizko ondarea gordetzen dutenak, baina horiek ez dira publikoarentzat irekitzen. Hau ez da hainbesteko kategoriakoa baina bai oso interesgarria, ikuspegi orokorra eskaintzen duelako.

Bisitariei zabaltzeko ideia noiz sortu zitzaizun?

Duela zazpi bat urte egin genuen azken berrikuntza eta proiektu horri ekonomikoki aurre egin ahal izateko irtenbide bat behar genuen. Azkenean gero eta gehiago sakonduz joan gara eta bide berriak jorratzeko asmoa dugu. Lorategia ari gara moldatzen ezkontzak eta argazki saioak egiteko eta baita publikoari zabaltzeko ere. Era berean, ondoko eraikin batean arte garaikideko aretotxo bat zabaldu nahi dugu.

Etxea zabaldu ondoren, norantz doaz zuen ahaleginak?

Orain arte murgilduta ibili gara etxearen eta ondarearen zaharberritze lanetan eta zer edo zer ere erosi dugu. Hori da niri gehien interesatzen zaidana. Testamentu zaharretan aipatutako hemengo piezak nahi ditugu berreskuratu, bereziki. Horiek beraiek agian ez, oso zaila delako aurkitzea, baina bai garai berekoak eta oso antzekoak izan daitezkeenak. Izugarri barreiatu izan dira mendeetan zehar salmenta eta herentzien bitartez. Casa Torre markesaren tapizak aurkitzea, adibidez, oso zaila da. Baten bat Bilbon dagoela badakit. Jose María de Lizana y de la Hormaza, Bilboko alkate izan zena, nire birramonaren anaia zen. Baina pieza hauen jabeek ez dituzte saldu nahi eta gainera ez dakit zein kontserbazio egoeran dauden.

Zaharberritze lan guztia guk geuk egina da. Gela batzuk kendu eta erosotasun batzuei uko egin behar izan genion ahalik eta era fidelenean etxearen egitura eta banaketa errespetatzeko. Dorretxe eta jauregiari duela 300 urte zuten itxura eman genien, jendeari erakusteko zein zen defentsarako dorre hauen egitekoa eta azaltzeko nola noblezia bi taldetan banatu zen, agramondarrak eta beaumondarrak, eta nola leinu horiek guztiak gainbeheran ziren Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean. Geroago, XVIII. mendean, familia horiek berriz lehen planoan agertu ziren Felipe V.arekin. Honek baztandarren eskubideak defenditu zituen eta baztandar eta nafar asko erregearen administrazioan goi karguetara iristen lagundu zituen. Garai hartakoa da gure jauregi barrokoa, dorretxeari erantsia dagoena. Guk etxebizitza XVII. mendeko lehen zabalkundeko eraikinean dugu, ukuilua izandakoa eta 1970ean erre egin zena. Orduan baino hobeki bizi gara baina hotza eta hautsa, adibidez, ez dira falta izaten!

Etxeko lehen jabearen aipamena noizkoa da?

Ezagutzen den lehen etxeko jauna Pedro Pérez de Irurita, Peroren semea, izan zen. Lehen erreferentzia idatzia 1436koa da. Baliteke ordurako jada dorrea egina egotea edo antzeko eraikin bat. Berak eta beste noble batzuek lortu zuten Vianako Printzeak Baztango kaparetasun unibertsala berritu zezan. Antzinako erregimenean hiru estamentuek, kleroak, nobleziak eta herri xeheak ordezkaritza zuten gorteetan. Ordezkaritza zuten nobleen zerrenda bera izan zen XVI, XVII eta XVIII. mendeetan eta etxe honetatik ere joaten ziren.

Zenbaterainokoa izan zen Ameriketako diruaren garrantzia?

Etxe hauen ekonomia igo eta jaitsi egiten zen etengabe. Berezko ondareek ez zuten askorako ematen. XVII. mendean lursailek balioa galdu zuten. Herriko edozein bizilagunek nobleak baino diru gehiago izan zezakeen. Bi indiano aberats ezkondu ziren etxeko alabekin. Dirua eta noblezia saiatu dira beti elkartzen. Familia harreman onak behar ziren gortean ongi kokatzeko eta gora egiteko. Dena klientelismoa zen, gaur egun bezala. Gaur egun, teorian, administrazioak saiatu behar du dena ahalik eta merkeen egiten, diru publikoari atarramendurik onena ateratzeko. Lehen ez zen horrela eta gaur egun ere askotan ez dira egiten behar diren kontrol guztiak.

Diru publikoaz asko hitz egin daiteke. Espainian bada irizpide bat lehenbailehen aldatu behar dena: Aita Estatuak ezin du dena bere gain hartu. Ezin ditu diru-laguntzak ezker-eskuin banatu. Gurea bezalako proiektu txikitxo hauek oso interesgarriak dira ondarea gordetzeko eta historiaren zabalkundea egiteko. Etekin ikaragarririk ez du inoiz emanen, baina behintzat aurrera eraman daiteke oso laguntza publiko zehatzekin. Administrazioaren laguntza publizitate, kartel eta promoziorako oso ongi dago. Hortik aurrera, diru-laguntza jakin batzuk, adibidez zahaberritze lanak egiteko, eta kito. Baina hori ez da gertatzen. Hemen Nafarroan hainbat erakundek urtetan milaka euro hartu ditu automatikoki. Jaso dezala merezi duena eta zerbait ez bada errentagarria ixten da eta kito. Adibidez, Oteiza Museoa oso interesgarria da artistikoki, baina diru galera etengabea Nafarroako Gobernuarentzat. Bisitari bakoitza ateratzen bazaigu 80 eurotan, agian pentsatu beharko da soilik asteburu edo jai egunetan irekitzea. Irizpide ekonomiko egokia bilatu behar da administrazioak bere gain hartu behar ez dezan defizitarioa den guztia.

Orain, krisia dela eta, irizpide produktiboagoak eta arrazionalagoak ezarri beharko dira denon onerako. Batek gehiago merezi badu, eman egin beharko zaio, eta alderantziz. Baina inor ez dadila alfertu. Eta kultura alorrean hau oso erraza da. Hau ilusiogatik eta gure bizi proiektua delako egiten dugu, baina gero erabiltzen diren irizpideak ikusita izutu egiten zara. Nafarroako Museoari, adibidez, laguntzak kendu dizkiote eta aldi berean Sanferminetako Museoa egin nahi dute Iruñean, jakinda diru galera izanen dela eta ondarearen aldetik batere interesik ez duela. Baluarten kalitatezko erakusketak jartzen ari dira baina kostu ikaragarriekin, eta bitartean CAN dirua sartzen eta sartzen aritu da otzan-otzan defizitarioak ziren ekimen guztietan. Ospitaleak, errepideak egin behar dira. Hori da benetan garrantzitsua. Kulturara eta gaur egun dauden egituretara, bereziki, diru gutxiago bideratzen bada, hobe. Nik ez dut zalantzan jartzen hamaika teknikari eta kargudunen gaitasuna, baina eredua berrikusi behar da. Beste adibide bat: ezin da eraikin bat egin, itsu-itsuan, Huarteko Arte Garaikide Zentroarekin egin duten bezala. Lehenbizi artelanak eduki behar dituzu eta oso garbi definitu nondik nora joan nahi duzun.

Eta bizitzeko dirua nondik aterako dute artistek?

Espainian, oro har, askoz ere gehiago bultzatu beharko litzateke mezenasgoa. AEBetan, adibidez, dirudunak harro agertzen dira koadro bat museo bati emateaz, ospital bat handitzen laguntzeagatik edota unibertsitaterako bekak emateagatik. Espainian kontrakoa egiten dugu: beti begiratzen ari gara ea Estatuaren zein errapetatik hartzen ahal dugun esne gehien.

Hemen enbalatuak dauden koadro horiek, zergatik daude horrela?

Arte garaikide latinoamerikarraren bildumako ale batzuk Artium museoan daude, eta hemen dago hara eraman ez zutena. Nik hemen zintzilikatuta ditut batzuk, baina ez dut denentzako tokirik. Etsigarria da, politena dena ongi antolatua ikusi eta horretaz gozatu ahal izatea delako. Oso dibertigarria iruditzen zait jendeak esaten duenean ez duela ulertzen nola jar ditzakegun halako gauza arraroak hemen. Hau da nire ekarpena. Kanforrez beteriko beira-arasa batean ez dut bizi nahi eta gainera onena da norberak uste duena egitea besteei gustatu ala ez. Probokatzea oso ongi dago.

Nola eta Iruritako familia honetan ez dela euskara gorde?

Horrek baditu bere arrazoiak. Nire amaren ama, amona María, Elorriokoa zen eta euskaraz egiten zuen bikain. Aitona Juan Pablo Ruiz de Gámiz arabarra zen eta ez zekien, baina Arantzazuko Ama Birjinarenganako jaiera handia zuen eta diru asko eman zuen Arantzazuko eliza egiteko. Amonak zailtasunak izan zituen haurdunaldi eta erditzeetan. Abortu asko izan zituen eta aitonak promesa egin zuen une horretan amaren sabelean zegoen umea aurrera ateratzen bazen bere esku zegoen guztia eginen zuela basilika eraikitzeko. Nire ama zen ume hori, eta Aranzazu izena ezarri zioten. Kubatik ekarritako dirutzaren azken sosak Arantzazuko basilika altxatzeko eman zituen.

Baztan aldetik, aitaren partez, aitona Pedro María Hualdek Madrilen eta Parisen ikasi zuen medikuntza. Hemen gogotik lan egiten zuen, baina ez zuen inoiz kobratzen. Jendeak ikaragarri maite zuen. Ederki mintzo zen euskaraz, Madrilen luzaro bizi izan arren. Aitak txikitan hitz egiten zuen baina gero Zaragozara joan zen ikastera eta galdu egin zuen. Nik Donostian egin nituen unibertsitateko ikasketak, baina euskaraz ez nuen ikasi. Orain frantsesa ikasten ari naiz eta heldu den urtean euskara pixka bat ikasi nahi dut. Euskara jakitea gustatuko litzaidake etxea eta familiarenganako maitasunez eta uste dudalako Espainian derrigorrezkoa izan behar lukeela autonomia-erkidego guztietan atzerriko hizkuntzez gain, penintsulako hizkuntza bat ikastea. Andaluziarrek, katalanek… Denek. Ikasgai bezala. Hori litzateke gure arteko begirunea eta atxikimendua areagotzeko modu egokia. Hizkuntzak ez daitezela izan bereizteko eta elkar erasotzeko gaia, lotura baizik. Hona, esate baterako, frantziar asko etortzen da. Bisita egiten badiezu frantsesez, nahiz eta oso maila handia ez izan, ikaragarri eskertzen dute. Hemen hori gutxitan egiten da. Bezeroei, turistei arreta egokia emateagatik eta edukazioagatik egin behar da.

Zure ama Aranzazu Ruíz de Gámiz y Zulueta, gaurko Casa Torreko markesa, interes handiz aritu izan da ondarea biltzen, ezta?

Amak 87 urte ditu eta osasunez pattal dabil. Duela hamabi bat urtera arte Donostian bizi zen, baina gaixotutakoan hona etortzea erabaki genuen. Familiak oso maitea du etxe hau, Iruñea eta Donostiatik gertu dago eta denon babeslekua izan da. Haurtzaroko denon etxea izan da eta txikitako bizipenak dira gehien hunkitzen gaituztenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


2024-04-21 | Iñaki Barcena
Mecaner ez itxi!

Euskal autogintzaren industrian gertatzen ari den adibide esanguratsu batekin natorkizue. Duela urte erditik (2023-09-01), Mecaner Urdulizko (Uribe Kosta) autogintzako trokelgintza enpresako 148 langile euren lanpostuak galtzeko zorian daude. Enpresa bideragarria da eta... [+]


2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-04-17 | ARGIA
Berangoko Otxantegiko nekazal lurren desalojoa gelditzen laguntzeko deia egin dute

Berangoko Otxantegiko nekazal lurrak modu kolektiboan lantzen bi urte eman ditu proiektu agroekologikoak, baina desalojo agindua dute apirilaren 18rako. Kanporatzea gelditzea lortu zuten iaz, eta berriro ere lortuko dutelakoan, gosari herrikoia deitu dute egun horretarako... [+]


Eguneraketa berriak daude