Epe batez Hego Euskal Herrian erroldatuta egon den orok, ETAk mehatxatuta edo “presionatuta” joan behar izan zuela esanez gero berriz ere bozkatu ahal izango du Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako bozetan. Espainiako Ikerketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroa txostena prestatzen ari da, Hauteskunde Legearen erreforma bidez erroldaren manipulazio hori gauzatu ahal izateko.
5 edo 10 urtez erroldatuta egon izana da bozka berreskuratzeko baldintzetako bat eta epeak zein izan behar duen eztabaidatzen ari dira txostenaren egileak.
Euskal Herritik joateko arrazoia zein izan den ere zehazteke dago: batzuen ustez ETAren mehatxu zuzena bakarrik izan liteke hemen bozkatzeko eskubidea berreskuratzeko motibo. ETAren “presioa” jasan izana argudiatzea ere nahikoa izan liteke ordea, ABCk argitaratu duenez.
Uztailaren 25aren inguruan aurkeztuko diote Espainiako Barne Ministerioari erreforma egiteko gidalerroak biltzen dituen txostena. Oporren ostean, Rajoy buru duen gobernuak Lege Organiko proiektu bat prestatuko luke gaur egungo Hauteskunde Legea moldatzeko.
PPk gehiengo absolutua du, ez du beste alderdien babesik behar aldaketa egiteko, baina Vocento taldeko egunkari madrildarrak dioenez, PSOE presionatzen ere saiatuko dira popularrak, haien babesarekin lege aldaketak sostengu zabala duenaren itxura emateko.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.