"ETAk estatuaren sparring papera luzaroan bete ondoren, biolentziaren kritika da egin behar dena"

  • Joseba Sarrionandia elkarrizketatu dute hAUsnART aldizkariaren lehen alean. Lapiko Kritikoa Kolektiboaren aldizkaria da hau, eta aleren bat eskuratu nahi izanez gero, beren webgunean argibideak. Gorka Bereziartuak eta Andoni Olariagak egin diote elkarrizketa mamitsua, eta hemen bertatik ateratako zenbait pasarte irakur ditzakezu.


2011ko maiatzaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-04 14:21:26
hAUsnART aldizkariaren zero alea

Euskal Abertzaletasunaren arantzak eta bertuteak

Ez dut azken urteotako [ezker abertzalearen] eztabaida horretan parte hartu, baina aldaketa onuragarria dela uste dut. Hogei urte lehenago egin izan balitz hobe. ETAk estatuaren sparring papera luzaroan bete ondoren, biolentziaren kritika da egin behar dena, 'kondena' erretorikorik egin beharrik gabe ere. Azken hogeita hamar urteotan estatuaren aurka ibili garenok errekuperatu behar duguna legitimitatea da, geure herriko nahi kolektiboekin sintonia. Galdu egin dugulako neurri handian legitimitate hori, helburuekin kontraesanean ekinez askotan.

Legalitatea baino askozaz inportanteagoa da legitimitatea.

(...)

Eskubideeez hitz egiten da askotan. Autodeterminazio eskubideaz, esate baterako, eta badirudi zain egon gaitezkeela, eskubide hori erreserbatua dagoela eta opari bat bezala emango digutela noizbait. (...) Eskubidea izatea gutxienekoa da zeure eginbeharra denean.

(...)

Galtzaileen historia eta askatasun esperantza errekuperatu behar dira. Iragana, etorkizunerako nahi denaren arabera konprenitzen da.

(...)

Niri gustatuko litzaidake euskaldunak ideia egokiak defendatzen ikustea, modu kreatibo batean soberaniaren eta gizarte igoalitarioago baten alde. Gainean ditugun estatuek ez digute 'eskubiderik' emango. Gutako bakoitza soberanoa bihurtu behar da. Euskaldunek jakin behar dugu komunitate moduan antolatzen.

Biolentzia

Badirudi ETAk armak uzteko pausuak eman dituela azkenean. Guardia Zibilak, ostera, ez du borroka armatua uzteko eztabaidarik planteatzeko asmorik ere azaldu. Aipagarria iruditzen zait detaile hori. Biolentziaren monopolioa dute jadanik. Baina bakea emango digute euskaldunoi? Ederra litzateke. Baina ikusiko dugu zer demokrazia klase dugun Espainian.

Euskal Herri imajinarioa

Euskal Herria Espainia bezain asmatua da, eta ez da faltsuagoa. (...) Espainia benetakoa dela adierazteko Euskal Herria asmatua dela esatea, hori bai dela argudio aldrebesa. Brujula ere asmatu egin zen, eta zer, faltsua da ala?

Identitatea: izan ala eraiki?

Identitatea deitzen den hori gauza arrunt bat da azken batean, zerekin identifikatzen zaren. Izaera primario batzuekin identifikatzen zara eta ezaugarri horiek erreferentziatzat harturik ematen diozu bizitzari zentzua. Izaera hori berez bilakatzen bada, oztoporik gabe, ez diozu zertan garrantzirik eman. Eragozten badizute, arazo bihurtzen da. (...) Identitatea berez denek dute, pertsonek oina bezala, baina oin zapalduak nabarmenagoak dira, minagatik. (...) XIX. mendean, estatu-nazioak finkatu zirenean, euskaldun askok ez zuen integratu nahi izan espainiar eta frantziar identitateetara, eta euskaldunena erresistentzia identitate gisa geratu da ordutik aurrera.

(...)

Askatasuna kentzen digun jendea ere askatasuna emango baligu hobeto biziko litzatekeela pentsatzen dut.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Joseba Sarrionandia
2022-08-30 | Peru Iparragirre
Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez, Poesia Orduak ekimenean

Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan izango dira emanaldiak. Juantxo Zeberio musikaria izango du alboan Suarezek, eta Ines Osinaga Sarrionandiak.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


Joseba Sarrionandia
"Badirudi nazioa eraiki beharrean futbol talde bat egiten ari dela"

Donostiako Aieteko euskara batzordeak antolatuta, solasaldia eskaini du asteartean Joseba Sarrionandiak. Habanako gaukarien trilogia zuen aitzakia, baina literaturaz gutxi, eta bizitzaz asko hitz egin du. Irati Zubia filosofoa arduratu da testuinguruaz eta saioa gidatzeaz.


Joseba Sarrionandia Euskal Herrira itzuli da ia 40 urte erbestean egon ostean

Ia 40 urte erbestean igaro ostean, azkenean, Euskal Herrira itzuli da Joseba Sarrionandia gertukoak eta familia bisitatzera. 


Eguneraketa berriak daude