ETAren agiria plazaratu du gaur Gara egunkariak. Gudari Egunaren harira idatzia, gatazka gainditzeko zabaltzen ari den "konponbide aukerarekin" eta, oro har, "askapen prozesuarekin erabateko konpromisoa" duela dio ETAk agirian. "Urteetako gatazkak ireki dituen zauriak sendatu eta elkarrizketa eta akordiorako esparruak zabaltzeko unea da, guztion artean bake egonkor eta iraunkorraren zutoinak eraikitzeko", gehitu du.
"Konponbideari dagokionez, ez Espainiak ez Frantziak ez dute oraino urrats baikorrik egin", dio ETAk. "Debekuarekin isilarazi nahi dituzte herritarren protestak. Eta, eskaintza demokratikorik ezean, mehatxuarekin erantzuten diote etorkizuna askatasunean eraiki nahi duten herrien aldarriari".
"Ibilbidean antzematen ditugun akatsak zuzentzeko eta hutsuneak gainditzeko egokitzapenak egitearekin batera, dagoeneko ageri zaizkigun eta etortzeke dauden erronka berriei erantzuteko prestatu behar da ezker abertzalea", jarraitzen du ETAK. "Horretarako, nazio eraikuntzarako indar berriak atxiki, lan moldeak findu, proposamen politikoekin asmatu eta antolakuntza bitarteko egokiak garatu behar ditugu guztion artean".

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.