Zazpi epailek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (CGPJ) eskariz egindako txostenaren arabera, Espainiako legediak etxetik kaleratutako familiek pairatzen dituzten gehiegikeriak babesten ditu. Halaber, bankuen "praxi okerrak" salatu dituzte epaileok, El País egunkariak aurreratu duenez.
Zazpi epaileek gogorarazi dutenez, gaur egun indarrean dagoen hipoteka-kredituen ordainketa-sistema 1909an sortu zen. Estatuak bankuari emandako laguntzak gain-zorpeturik dauden bezeroek ere jasotzea eskatu dute, "asmo onez" jokatuz gero betiere, lantokia edo etxea uztera behartu ez ditzaten.
Beste neurri batzuen artean, "asmo oneko hipoteka-zorduna" terminoa sortzea proposatu dute, laguntza benetan behar dutenek jaso dezaten. Kasu konkretuetan –gaixotasun luzeak, lan istripuak...– epaileek kuoten ordainketetan moratoriak eman ahal izatea ere eskatu dute, baita bankuen eta zordunen arteko negoziazioak bultzatuko dituzten batzordeak sortzea ere.
Elkarretaratzea Donostiako Kutxabanken aurrean
Stop Desahucios kolektiboak deituta, elkarretaratzea egingo da bihar (11:00etan) Kutxabankek Donostiako Garibay kalean duen egoitzan, Errenteriako bizilagun baten kaleratzea salatzeko.
Plataformak jakinarazi duenez, Lorenari eta bere hamahiru urteko alabari babes ofizialeko etxe bat egokitu zitzaien. Hura erosteko 120.000 euroko mailegua eskatu zuen eta 25.000 euroko beste bat BEZa ordaintzeko. 2011ko azarotik langabezian dago eta ezin izan ditu hilabeteko kuotak ordaindu. "Hileroko gastuei aurre egiteko 426 euroko laguntza jasotzen duen arren, hilabete askotan Kutxak diru hori bereganatu egin du hileko kuotaren zati bat ordaintzeko", diote kolektibotik.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.