Espainiako Estatua prest dago erreskatea eskatu eta Europako Banku Zentrala (EBZ) bere zorra erosten has dadin. Eskaera atzeratzen ari da ordea, euroguneko beste herrialdeengan izango lukeen eraginarengatik, Financial Times egunkariak gaur argitaratu duenez.
Mariano Rajoyren gobernuak aurkitu du erreskate eskaera egiteko erosoa zaion formula: Europako Egonkortasun Mekanismoari dirua eskatu ordez, kreditu-lerro bat galdegingo luke, EBZk bere bonoak erosteko eskatzen dizkion baldintzak bete ahal izateko.
Espainiako Ekonomia Ministerioko kide batek Financial Timesi adierazi dionez, hori egin baino lehen denborak adostea besterik ez da falta.
Baina mota horretako mugimendu batek Europako beste zenbait ekonomiatan izango duen eraginak zalantzak sortu ditu Batasuneko kideen artean. Italiako ekonomiari eragingo liokeen albo-kaltea da auziaren iltzeetako bat: herrialdearen interes-kostuak gutxituko lituzkeela uste dute batzuek; beste batzuek aldiz, Espainiaren laguntzaren antzekoa eskatzera derrigortuko lukeela.
Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza Ministroaren kezketako bat hori da: Espainiako Gobernuaren eskaerak domino-efektu bidez, euroguneko beste ekonomia ahulen eskaera zaparrada ekar dezakeela. Horregatik nabarmendu du, azken aukera gisa ikusten duela Espainiaren erreskatea.
Eztabaida horren erdian joan dira Madrilera Poul Thompsen (Nazioarteko Diru Funtsa), Klaus Masuch (EBZ) eta Matthias Mors (Europako Batzordea). Urriaren 26ra bitartean Espainiako Estatuan izango dira, bankuen egoera aztertzen. Idatziko duten txostenaren araberakoak izango dira erreskate eskaeraren ondoren ezarriko diren neurriak.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.