Errusian, urriko lehen bi asteetan "oposizioaren aurkako errepresioa" gogortu egin dela salatu dute hainbat kolektibok. Maiatzaren 6ko protesten harira jada 19 lagun auzipetu dituztela gogorarazi dute, eta gehienek espetxean jarraitzen dutela. "Atxiloketa arbitrarioek" jarraitzen duten bitartean, Gobernua oposizioko buruen aurkako "prozesu politiko masibo bat" prestatzen ari dela agerikoa dela diote ezkerreko ekintzaileek.
Adibide gisa bi gertaera aipatu dituzte. Batetik, urriaren 5ean, NTV telebista kateak oposizioaren aurka egiten duen film bat emititu zuen. Serguei Udaltsov Ezkerreko Fronteko ekintzailea du bereziki jomugan film horrek. Atzerriko zerbitzu sekretuekin lotura duela dio, eta Georgiatik heldutako dirua baliatu nahi duela Errusiaren egonkortasuna apurtzeko. Filma eman eta bi egunera, Fiskaltzak izapideak abiatu zituen.
Bestetik, urriaren 17an, Udaltsov aske geratu zen –galdeketa bati aurre egin ostean– eta desordenagatik akusatutako beste ekintzaile bat (Konstantin Lebédev) atxilotu zuen poliziak –48 ordu eman zituen preso–. Geroago, Ukrainian asilo politikoa eskatu zuen hirugarren ekintzaile bat (Leonid Razvoyyáev) atzeman zuten Errusiako zerbitzu sekretuek. Fiskaltzak "espioitzagatik" abiatu zituen haien kontrako izapideak, baina "desordena publiko masiboagatik" akusatu ditu azkenean, ezkerreko militanteek diotenez, mugimendua zigortzeko helburuarekin.
Oposozioko taldeak sufritzen ari diren "olatu errepresiboari" aurre egiteko nazioarteko elkartasuna beharrezkoa dela diote errusiar ekintzaileek.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.