Erretreten erreforma: Gazteak eta helduak haserrean bat eginda

  • Nicolas Sarkozyren Gobernuak aurrera atera du Senatuan erretreten erreforma. Asteotan azken hamarkadatako herri mugimendu sendoena bizi dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko karrikek. Langileek eta ikasleek bat egin dute Gobernuak sistema insolidarioa gibelera dezan. Herritarrak akituta daude euren eskubideen zanpatzeaz.


2010ko azaroaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
erretreteak

Le vieillissement ne peut pas se contourner, il faut l'assumer” (Zahartzea ezin da eragotzi, onartu beharra dugu). Esaldi horrekin iragarri zuen ekainaren 16an Eric Woerth Frantziako Lan ministroak erretreta atzeratzeko erreforma. Beste kontu batzuen artean, Sarkozyk 60 urtetik 62ra igoko du erretiroa hartzeko urtea, pentsioa osorik kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua ere handitu egingo da 2012tik aurrera: 41 urte. Eta hala egiten ez duenak 67 urterekin jaso ahal izango du pentsio osoa, lehengo 65 urteren aldean. Funtsean, diru gutxiago eta lan gehiago eskaini die frantziarrei Gobernuak, zahartzearen izenean (Net Hurbil sailean aurkituko ditu irakurleak pentsioen erreformaren atzean ezkutatzen denari buruzko datuak, 48. orrialdean).

Woerthen ekaineko agerraldi horretatik, Gobernuaren proiektuaren kontrako perturbazioak ez dira handitu besterik egin eta azken asteetan gertakariak bizkortu egin dira, klimaxa iritsi delarik joan den urriaren azkenetan, findegietako grebak eta blokeoek Frantzia osoko garraio sarea arteka zailean utzi dutenean. Lerro hauek idazterako orduan petrolio hornidura bere onera itzultzen ari da baina mobilizazio jendetsuek jarraitzen dute eta “barraskilo” operazioen berri ematen duten tweetak iristen dira konputagailura etengabe, #grevepaysbasque etiketaren bidez.

“Greba ez da kapritxoa”

Lehenengo hesola ekainaren 24ko greba egunean jarri zuten sindikatu eta kolektiboek. Baionan 10.000 manifestari irten ziren karriketara eta grebak eragina izan zuen hezkuntzan, saltokietan, La Poste-n eta SNCFn, besteak beste. Frantzian bi milioitik goitik egin zuen erreformaren kontra. François Fillon lehen ministroaren erantzuna: erreforma negoziatu bai, baina ez jasotzen dituen oinarrizko ideiak. Gisa horretan, Gobernuak atea zabaldu zion oporraldiko itzulera beroari; sindikatuek irailaren 7an jarri zuten hitzordua.

Irailaren 7an, Asanblea Nazionalean diputatuak lege proiektua aztertzen hasi ziren egun berean, alimaleko greba egin zen Estatu osoan eta Gobernuak onartu behar izango du aurrekoak baino mugimendu indartsuagoa izan zela. Baina amore eman ez eta bi egun geroago pentsioen erreformak Asanblea Nazionalaren onarpena izan zuen, UMP eskuindarraren gehiengo absolutuari esker.

Parisetik Biarritzera jardunaldi batzuen karietara etorri ziren UMPko diputatuek ez zituzten elkarretaratuen oihuak entzun ere egin Irati erakustazokatik. Poliziek osatutako giza-alanbrada aurkitu zuten aireportu inguruetan erretretaren aldeko kolektiboko kideek. Irailaren 23a zen eta mobilizazio itzela burutu zen Baionan (15.000 lagun). Sarkozyk bi astean bigarren greba orokorra jaso zuen egun horretan –%30eko popularitatea zuelarik, behea jo zuen Frantziako presidenteak–: “Ez badu entzuten, mobilizazio gehiago izango dira” zioen CGT sindikatu nagusiko Bernauld Thibault idazkari nagusiak.

Urriaren 2an derbya izan zen Jean Dauguer estadioan, txuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin Biarritz Olimpique-ko Yachviliren hankarekin. Baina mele-erdiarena ez zen egun hartan sartutako zigor kolpe bakarra izan. Intersindikalak (CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaries eta Unsa) eta LABek –beste bloke batean bazterturik– deituta 10.500 jendek parte hartu zuen erretiroa atzeratzearen aurkako manifestaldian, larunbata eta errugbi partida izanik ere. Erreforma onarturik zen arren, inork ez zuen gurdi mandoa hilik ikusten. Oraindik Senatutik igaro behar zuen legeak.

Asanblea Nazionalean ez bezala, UMPk ez du gehiengo osorik Senatuan. Sarkozyk zentristen botoak behar zituen legea aitzinera eramateko etxe horretan, eta horretarako agerikoa zen kontzesioak egin beharra zuela. Proiektua Senatuan eztabaidatzen hasi eta bi egun geroago, urriaren 7an, erreforma “biguntzen” zuten aldaketak iragarri zituen Eliseoko apopiloak. Ama izateagatik denbora batez lana utzi behar izan duten emakumeei pentsio osoa kobratzeko baldintzak hobetzen dizkie emendakinak. Baina pentsioen erreformaren pasarte polemikoenak ez zituen ukitu ere egin. Biharamunean, senatariek 5. artikulua onartuko dute –erretreta atzeratzea aurreikusten duena– eta erreskadan 6. artikulua eztabaidatzen hasiko dira –pentsio osoa kobratzeko 67 urte edukitzea agintzen duena–.

Jack Ralite komunista zaharrak ezin hobeki deskribatu zuen herritarrek karrikan zuten sentsazioa: “Uste duzue indarrez pasa zaitezketela” bota zien UMPko aulkietakoei, “greba ez da kapritxoa!”. Inkesten arabera, herritarren %71k begi onez ikusten zituen protesta mugimenduak. Gauzak horrela, jadanik greba mugagabearen hautsak arrotzen hasiko dira sindikatu zenbaitzuk, efektiboagoa delakoan.

Ekonomia blokeatzeko estrategia

Laugarrenez, Frantziako Estatu osoan grebara eta mobilizaziora deitu zuten sindikatuek urriaren 12rako. Baionan 17.000 pertsona karrikaratu ziren. Frantziako hiri nagusietan, berriz, hiru milioi lagunek esango diote Sarkozyri gibelera egiteko. Baina egun hartan hainbat eskalafoi egin zuen gora pentsioen erreformaren kontrako mugimenduak. Alde batetik, lehenbizikoz ikasleek ere hartu zuten parte borroka horretan; bestetik, hainbat enpresa eta zerbitzutan greba berriztagarriei ekin zieten –24 orduz behin bozkatzen dute langileek lanera itzuli ala ez–.

Senatuan erreforma erabat onartzeko eguna hurbildu ahala ezinegona in crescendo joan zen. Ikasleek lizeoak blokatu eta manifestaldiak egingo dituzte, “Sarko lekuak huts!” egiten zuten oihu milaka gaztek Baionako Lan Burtsa inguruan. Ipar Euskal Herriko 15 lizeotatik erdia itxiarazi egin zituzten eta horietako askotan ikasleek kanporatze mehatxuak eta presioak jasan zituztela salatu zuten Ikasi eta Irauli plataformako ordezkariek. Frantziako 4.000 ikastetxeetatik ia laurden bat ere itxita egon zen hainbat egunez. Agentziako argazkilari batek Pariseko Senatu aurrean harrapatutako irudian “¡No future mais retraite!” (Erretiroaren ondoren etorkizunik ez!) irakur daiteke, gazte batek eskuetan duen kartoian.

Grebalariek Estatua “ekonomikoki blokeatzeko” sektore estrategikoetan jarri dituzte indarrak, bereziki petrolioaren horniduran. Urriaren erdialdean Frantziako 12 findegiak greban ziren eta poliziak depositoak desblokatu ahala blokatzen zituzten berriz ere piketeek. Marseillako Fos-Lavera portuak ere –Europako hirugarren handiena– trabaturik daramatza hainbat aste eta hamarnaka petrolio-ontzi ezin sarturik dabiltza. Egunik kritikoenetan 4.000 gasolindegi inguru karburante gabe zeuden Gobernuaren kalkuluen arabera. Bestalde, hegaldiek eta garraio sareak erruz igartzen ari dira protesten eragina, baita Lapurdin ere. Esaterako, A-63 autobideko eta Baionako portuko trafikoa oztopatu zituzten hainbat aldiz sindikatu eta plataformek, bai eta okupazioak burutu ere enpresa esanguratsutan –Oldartuko eta erretreten aldeko kolektiboko kideak erretiroak gestionatzeaz arduratzen den Crama erakundearen Baionako egoitzan sartu ziren–.

Urriaren 19an inoiz Lapurdiko hiriburuan ikusi den manifestaldirik handiena egin zen: 19.000 lagunek hartu zuten parte Senatuko deliberoaren presionatzeko asmoz. Protestak beste herri batzuetan ere sumatuko dira, Donapaleun eta Donibane Garazin kasu. Frantziako hegaldien %50 bertan behera geratuko da egun horretan eta tren lasterren ibilia motela izango da.

Nicolas Sarkozy presidenteak, Lyon eta Nanterren ikasleekin izandako istiluak erabili zituen diskurtso gogor batez mugimenduari erasotzeko: “Bandaloek ez dute azken hitza” zioen Sarkok. Horrez gain, findegiak eta depositoak indarrez desblokeatzeko agindua eman zuen. Paris osoa hornitzen duen Grandpuits-eko findegia izan zen poliziak asaltatzen lehena, urriaren 21ean. Azkenean, ia hiru asteko eztabaidaren ondoren, urriaren 22an pentsioen erreforma onartu zuten Senatuan: 173 boto alde eta 153 kontra.

Legea onartu delarik, Gobernuak mugimendua “desinflatzen” ari den mezua zabaldu du –urriaren 28ko greba eta mobilizazio egunak aurrekoek baino indar gutxiago izan du, hein handi batean ikasleen oporraldiak desbirtuaturik–. Ez bide da hori eragileen iritzia. “Deus ez da fini” dio Donapaleuko LABek e-postaz igorritako oharrak: “Grebak sektore desberdinetan segitzen du (...) egunero eta leku guztietan ekintzak burutzen ari dira”.

Momentu honetan kolektibo eta sindikatuek perturbazioak azkartzeko lanean dihardute. Oldartuk Baionako suprefetura okupatu zuen joan den astean eta Facebook-eko aktualizazio berrienek jendarmeekin izandako tira-birez hitz egiten dute. Adrien Kempf hazpandarrak, Greve solidaire webgunean milaka euroko laguntza bildu du herritarrengandik, mugimenduarekin jarraitu eta grebak finantzatzeko. Reuters-en azken orduko mezuak Fos-Laverako langileek greban jarraituko dutela dio. Irakurleak artikulu hau irakurriko duenerako begirada guztiak azaroaren 6ko mobilizazio egunean izango dira.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude