Mixel Dunate: "Erresistentzia deno eta jendea xutik egoiten deno, biharamuna izanen da"

  • Mixel Dunate abeltzain eta gaztagile ari da Aiherran (Nafarroa Beherea), biologikoan azken 17 urteotan. Mihi urdinaren kontrako txertoari uko egin diotenetakoa da, ez du onartzen ardien identifikazio elektronikoa ere. Sinesten du nekazaritza biologikoan datzala etorkizuna eta errisistitzea nahitaezkoa dela. Laborari aldizkariaren 1.020. zenbakian plazaratutako elkarrizketa da hau.


2013ko apirilaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Ardiak euskal pirinioetan (Argazkia: Ehlgbai.org)

Zure etxaldea aurkezten ahal daukuzu?

Ardi esnadunak ditugu, esnea gasnatzen dugu. 27 hektara ditugu, 250 bat ardirekin. Urteko ardiak ez ditugu erdiarazten, beraz 200 bat ardi deizten dugu. 1989an instalatua niz. Eta 1996an hasi ginen biologikoan eta gasnatzen ere, orduan ez baitzen esne biologikoa biltzen eta ene emazte lagunak gasnatzen hasi nahi baitzuen. Entseatzen gira egin ahala etxeko bazkarekin aritzea. Dozena bat urte huntan, 7-8 tona méteil [gari eta zekale nahasketa] erosten dut Biarnoko laborari bati eta etxean ere berriz hasi niz ekoizten 2004tik hunarat, hektara bat eterdi. Arto egitea utzia dut, ez baitut maite eta maiatza sasoin zaila baita : gasnatzea bada, belarrak eta kanpoko lanak.

Borturat igortzen duzue artalde...

Bai, borturat bagoaz Hautes Pyrénées-tarat. 2003an hasi ginen, gero hiru urtez etxean egon ginen FCO (mihi urdina) eritasunaren kontra ez baiginuen xertatu nahi, debekatua izan zitzaukun borturat joaitea. Orai badu lau urte berriz abiatuak girela, herriko beste 5 artzainekin, Hautes Pyrénéestarat beti. Artzain bat hartzen dugu bortuko lan horren egiteko. Lehen ardiak ekainaren 10ean partitzen dira, gaineratekoa uztailaren 10ean.

Aspaldian biologikoan ari zira. Hasi zinelarik, bioak ez zuen gaurko aipamena. Zuretako urrats naturala izan zen ? E: Bai, naturala izan da. Orduan BLE ez zen oraino sortua bainan Civam bio basco-béarnais izeneko taldea bazen, konpostatzea edo belar kentze mekanikoa erakusten zuen. Biologikorat pasatu baino lehen, lau urtez esne kontrolan lan egin nuen. Ohartu nintzan -eta oraiko produkzioneak ikusiz, xuxenean nintzan- zer bide hartzen ari zen ardi hazkuntzan : behi Holsteinaren bidea. Horren kontra egiteko, beste bide batzu hautatu nahi izan ditut, eta biologikoari naturalki jin niz. Instalatu bezain fite ikertzen hasi niz, 90-eko hamarkada hortan, eta emeki emeki, buruan segurtamena ukanez, etxaldea biolojikorat pasatu dut 1996an.

Laguntza tekniko gutiago zen orduan. Gaurregun manera gehiago bada bainan laborariek ez dute urratsa egiten. Aldaketa zailagoa da buruan teknikan baino?

Orduan hala zen eta orai ere. BLEren inguruan, laborariak ikusten ditugu, formakuntzetan ibiltzen direnak, teknikak menperatzen dituztenak, bainan gero urratsa egiten ez dutenak biorat pasatzeko. Lehenik buru barnean egin behar da aldaketa eta segurtamena bildu. Oraiko mementoan, segur da ez dela aise, etxalde guzietan tinko gira, perspektiba gutirekin. Horrek ere muga bat ezartzen du : burua trankil delarik urratsak errexago egiten dira.

Zuk etorkizuna laborantxa biologikoan ikusten duzu?

Bai, ez da dudarik. Laborantxa biologikoak biharamuna badu, ez 5-10 urtekoa, baizik eta 30-40 urtekoa. Oraiko hautu horiek, aipatzen den identifikazio elektronikoa adibidez, 5-10 urteko biharamuna dute, edo oraino gutiago... Ez dute biharamunik ere funtsean, murruaren kontra eramaiten gaituzte. Nahiz murruaren azpirat heldu behar den, jendeak beste gisa so egiteko...

Identifikazio elektronikoaren kontra talde bat muntatu duzue. Gibelerat egiten ahal dea oraindik neurri hortan?

Gu baino lehenago hasiak dira mugimendu hortan beste departamendu batzu. Gu uzkurrago izan gira nahiz, hasi ginen lehen urte hartan, eni bihotz ximikoa baino gehiago egin zautan. 0 urteko lehen petenta guziak marteiluz kaskatu nituen, bainan geroztik ni ere sartu niz bide hortan... Bildots ttipiendako, laborarien %100a petenta elektronikoen kontra da, ez dut dudarik hortan, lau egunendako “püzatzen” ditugu! Ardi helduendako, tropa zonbaitetan lan tresna dute petenta hori, esne kontrolan direnak adibidez. Gu obligazionearen kontra gira. Deneri edo gizarteari zerbait on  ekartzen duena obligatuzkoa izan dadin, ados. Bainan gauza horrek ez du deus gehiago ekartzen. Mugimendua abiatu dugu, laborariek zer pentsatzen duten jakiteko.

Mihi urdinaren kontrako xertoa, gaurregun identifikazio elektronikoa, bihar marroen zertifikazioa...

Gero eta liberalismo gehiago inposatu nahi da hazkuntzan ere... Bai, eta ez du deus onik ekartzen laborarieri. Petentena, segipena edo trazabilitatearen izenean emaiten dute bainan Spangheroren aferan ikusi dugu : beharriak behin moztuz geroz, nahi dutena egiten dute haragiarekin. Neurri horiek laborantxa industrialaren aldekoak dira, bortxaketak dira, ez dira zuzenak. Hain segur beti berdinak dira lehen urratsa kontra egiten dutenak. FCO-aren xertoaren kontra zirenak dira berriz altxatzen identifikazio elektronikoaren kontra. Bainan ikusi nahi dugu beste laborariek zer pentsatzen duten.

Euskal Herriko hazkuntzak erresistentzia egiten dako oraindik industrializazioari zure ustez?

Bai. Buru Beltzan hasia den lana biziki interesgarria da. Ardi zentroan entzuten nuen zentroa ez balitz izan, lakonak izanen zirela denetan. Bainan 250-300 pintetan den buru gorria edo lakona berdintsu da. 200.000 pinta ekoizten duten etxaldeak, izan buru gorria ala lakona, gauza bera da. Selekzione sientifikoan badut sinestea bainan 2-3 kriterioren inguruan egina da. Ez da aski. Ardia 1000 gauzendako egina da. Hazkuntza 1000 urtez egin da, eta gure etxaldeendako on den ardia moldatu du. Bi selekzio mota horiek elgarri juntatzea biziki baikorra atxemaiten dut.

Aiherrako laborantxaz zer ikuspegi duzu?

Xantza badugu, gazteak instalatzen dira, beste bide batzu jorratzen dira (beste artzain bat bada hazkuntza biologikoan, bizpahiruk gasnatzen dute...). Badira ere haunditzeari pentsatzen dutenak beti eta lur aferak izan eta izanen dira horren inguruan. Halare, erresistentzia deno eta jendea xutik egoiten deno, biharamuna izanen da. Jendeak jakin behar du xutik egoiten eta mugitzen. Segur da gero eta zailago zakola bainan entseatu behar da. Brassens-en kantu batek dio “les braves gens n'aiment pas qu'on suive une autre route qu'eux”, alta hortan da biziraupenaren gakoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


2024-02-29 | Estitxu Eizagirre
Nola elikatu hiriak?
Hiriko parkeetan zergatik ez fruta arbolak eta barazkiak landu zuzenean biztanleentzat?

Hiriak nola elikatu? Horra Egonarria saioan Eli Pagolak Audrey Hoc laborariari luzatu dion galdera. Hoc-ek, bere lagun Aimar Rodriguezekin batera, fruitu arbolak ekoizten ditu, Etxalarren baso jangarria dauka eta Biriatuko udalarekin elikadura burujabetzaren estrategia martxan... [+]


2024-02-26 | Garazi Zabaleta
Agharas elkartea
Kulturarteko ortua, Barakaldoko Gurutzeta auzoan

Amazigh gazteek sortutako elkartea da Agharas, eta urteak daramatza kulturartekotasuna lantzen Barakaldo inguruan. Duela lau bat urtetik, kalean bizi diren gazteei astean hirutan afariak ematen dizkiete, eta harrera pisu bat ere badute martxan, aldi baterako erabiltzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude