Hego Euskal Herrian erregaien prezioa maila historikoetara iritsi da aste honetan. Berunik gabeko 95 oktanoko gasolina litroa, adibidez, 1,5 euro ordaintzen ari dira gasolindegietan eta prezioak gora egingo du Espainiako Gobernuak BEZa igotzen duenean. Ipar Euskal Herrian berriz, prezioak jaitsi egingo dira Hollandek petrolio ekoizleekin akordioa lortu ostean.
Enpresek konpromisoa hartu dute prezioak hiru zentimo jaisteko eta Frantziako Gobernuak neurri berean jaitsiko dizkie zergak (esantzaren salmenta prezioaren %60 zergei dagokie Frantziako Estatuan).
Hiru hilabeterako hartu du neurria Eliseoak eta 400 milioi euroko kostua izango du estatuarentzat. Pierre Moscovicik gidatzen duen Ekonomia Ministerioaren erabakia joan den asteko erregaien salneurri altuek ekarri dute. Erabakiak kritikak ere jaso ditu. Le Monde egunkariaren editorialak dio "ameskeria" dela erregaien prezioa estatu-politiken bidez gutxitu nahia. Egunkari horren ustez "neurritasun energetikoa" da epe luzera funtzionatuko duen bakarra.
Hego Euskal Herrian berriz, erregaien prezio politikak bestelako norabidean doaz: Espainiako Gobernuak irailetik aurrera aplikatuko duen BEZaren igoerak are garestiago jarriko du autoaren tanga betetzea.
Euroak dolarraren aurrean indarra galdu izanak ekarri du erregaiak garestitzea, hura ekoizteko lehengaien salneurria, petrolioarena, 2008ko errekorretatik urrun egon arren: Brent upela 112 dolar (89 euro) inguruan dago orain; duela lau urte 147 dolarretan (117 euro) egon zen, baina gasolina ez zen litroko 1,27 eurotik igo.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.