BBK, Vital eta Kutxa entitateetako Batzar Nagusiek estatutu berriak onartu zituzten atzo, Eusko Legebiltzarrak pasa den hilean onartutako Kutxen Lege berrira egokitzeko. Udazkenetik aurrera erakunde publikoen ordezkaritza %40koa izango da hiru kutxetan –gaur egun %50ekoa da–, eta Batzar Nagusiak 80 lagunek osatuko dituzte –orain arte 100 kide zeuden–. EAJren, PPren eta PSEren aldeko botoekin onartu dira estatutu berriak.
Aldeko botoa eman duten alderdien hitzetan, kutxen gobernu organoetan gutxitu egingo da erakunde publikoek daukaten pisua. Bestalde, EH Bildu koalizioko eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek aurkako botoa eman dute. Batzar Nagusiak egiten ari ziren bitartean, "kutxen pribatizazioaren aurkako" elkarretaratzeak egin ziren hiru kutxen aurrean LAB sindikatuak eta Stop Desahucios mugimenduak deituta.
Kutxen Lege berriaren arabera, Batzar Nagusien %47 ezarleen –kontu batean dirua ingresatzen duten pertsonen– ordezkariek osatuko dute, %17 entitatearen bulegoak dauden udalek, beste %17 entitate fundatzaileek, %7 langileen ordezkariek, %6 elkarte sozio-kulturalek eta beste %6 Batzar Nagusiek.
Albistea ETB1en:

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.