"Erabaki politikoari soinekoa egiten dion jostuna da jurista"

  • 1980ko hamarkada, giro politikoa borborka, eta zu abokatu. Klasiko bat dirudi.

    Bigarren edo hirugarren boteko abokatua naiz ni. Lehenbizi, aitaren lanbideak eta etxeko giroak eraginda, enpresaritza eta zientzia ekonomikoak ikasi nituen bost urtez, eta bertan geneuzkan zuzenbide irakasgaiek erakarrita deskubritu nuen nire bokazioa. Niretzat abokatuaren lana ez da, Sarrionandiak dioen gisan, diruaren truke arrazoia nori eman aukeratzea. Niretzat ofizio honen noblezia zure burua inputatuaren ondoan, eskaileraren mailarik apalenean kokatzean datza. Jakina orduko giro politikoak grina elikatuko zidala, baina denboraren joanak zuzenbidearen osotasuna bihurtu dit bokazio. Auzitegi Nazionaleko kazetariek sarri jotzen didate adarra, “hik zuzenbidean sinisten duk!”. Sinesmen hori han akats larria da, nonbait.

    Zer da zuretzat legea?

    Zuzenbidea, legea, ezinbesteko tresnak dira jendartean. Ikuspegi klasikoarekin bat eginez, legea beti izan da boterearen adierazpena. Erakutsidazu kodigoa eta esango dizut nork agintzen duen. Hori hala da, ez dauka bueltarik, baina era berean boterearen makinarian soberan dagoen pieza da legea, eta balio dion neurrian baizik ez du erabiltzen. Bistan da justizia ez dela beti legearekin egiten, eta Estatuaren itzala izanagatik, edozein eredu edo sistema politikotan hor egon behar duen erreminta da. Lenin ere, bere garaian, ez zen alferrik mintzo legalitate sozialista baten printzipioaz.


2011ko azaroaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

1980ko hamarkadatik hona errotik aldatu dira legeak eta zigor-kodeak.

Nabarmenak dira aldeak. Pentsa, nire hastapenetan, talde armatuarekin kolaborazio delitua urtebeteko kartzelaldiarekin zigortzea zen ohikoena, eta egun, bost urteko gutxienekoa exijitzen du legeak. Arma eta leherkariak gordetzeagatik ere askoz kastigu apalagoak ezartzen ziren orduan, garaiko zigor-kodeak, egungoak ez bezala, zigorrak bi gradutan jaisteko aukera eskaintzen zuelako. Prozedurei dagokienez, hobera egin dugula sinestarazi nahi digute, hamar eguneko inkomunikazio epea inkonstituzionaltzat jo eta bostera jaitsi zutelako, baina horrek ez du tortura desagerrarazi. Zigorrak gogortzea eta defentsaren bermeak murriztea dira lege antiterroristen ezaugarri nagusiak. Estatuak beti gordetzen ditu eskura ustez beharrezkoak jotzen dituen mekanismoak. 1982an, PSOE gobernura iritsi eta berehala, hiru lege publikatzen dira: lege antiterrorista, Habeas Corpusaren legea eta atxilotuak abokatuaren laguntza jasotzeko duen eskubidea bermatzen duen legea. Bigarren eta hirugarren publikazioek atxilotuaren eskubideak garantizatzen eta areagotzen badituzte nola sortzen da estatu terrorismoaren bigarren belaunaldia? Lehenbiziko legeak beste biak desmuntatzen dituelako. Formalki eta itxuraz, eskubide guztiak daude bermatuta, baina praktikan, Estatuak arma guztiak mahukan gordetzen ditu: torturaren erabilera, arau orotatik salbu dauden eremu beltzak, inolako kontrol politiko eta judizialik gabeko jokabide polizial autonomoak... Lehen, gaur eta beti, Estatu batek edozein unetan jokoa eman diezaioketen erremintak gordetzen dizkio bere buruari, legalitate eta konstituzionaltasunaren zelofanean bilduta, beti ere.

Hori gutxi ez, eta politikotzat dauzkagun auziei presio mediatikoa gehitu behar zaie.

Auzitegi Nazionaleko magistratuek aitortzen dute presioak ikaragarriak direla. Oraingo fiskalburua izendatu zutenetik nabarmena da fiskaltzaren kriterioak oihartzun mediatikoari begira finkatzen direla. Hor daude De Juanaren kasua, Ino Galparsororena... Auzitegi Nazionalaren tripak hartu behar dira kontutan, ulergaitza ulertzeko. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak harreman eta menpekotasun zuzena dauka gobernuarekin, eta munduko beste edozein auzitegitan baino paper esanguratsuagoa dute indar polizialek. Pentsa, zenbaitetan polizia epailearen laguntzaile izan beharrean, epailea bihurtzen da poliziaren laguntzaile. Horrek erabakiak eta sententziak politikoki kutsatzea dakar, eta presio mediatikoak joko politikoan eragin zuzena duenez, joko politikoak presio hori audientziara ekartzen du, auzitegia txotxongiloen antzoki bilakatuz. Dena polizia eta fiskaltzaren komenientziara mugitzen denez, Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak bigarren mailako aktoreak dira.

Eta gu bitartean, Euskal Herriko presio sozialarekin sententzietan eragin nahian.

Presio horiek Auzitegi Nazionalean izan dezaketen eragina islatzen duen pasadizo bat daukat. 18/98 makro-epaiketan, defentsaren alegatu baten aurrean, Angela Murillo presidenteak ozen esan zuen: “Bost axola zer dioen Estrasburgok!”. Auzitegi Nazionaleko sekzio bateko salako presidenteari ez bazaio axola Europako auzitegi behinenak dioena, pentsa zenbat eragiten dion Euskal Herriko presio sozialak. Baina horrek ez du esan nahi presio hori alferrikakoa denik, oso garrantzitsua da, audientziara oihartzun urrun batzuk baizik ez dira iristen ordea. Hura bunker bat da, erabakiak hartu behar dituztenak oso babestuta daude, eta iristen zaien apurra ez dute aintzat hartzen. Auzitegi berezia da, eta salbuespenak salbuespen, bertara heltzen diren magistratuak Estatuaren interesen defentsan itsututa daudenak dira. Horregatik da hain opakoa, hain hermetikoa, oinarrizko eskubideen hausnarketatik abiatuta barneratzen zaila. Horregatik jokatzen dira benetako batailak Auzitegi Gorenean.

Zure lanean gertutik ikusten dituzu atxilotuak, presoak, atentatuetan zaurituak, mehatxatuak... Asko hitz egiten da aro berri honetan biktimek jokatu beharreko paperaz, memoriaren batailaz...

Azkenaldian, biktimak erabaki politikoak baldintzatu eta arrazoitzeko erabili dira. PPren arma izan dira PSOEren gobernua akosatzeko, baina bistan denez, biktimak ez dira eragile politiko eta ezin daitezke izan. Biktimekiko errespetuan oinarritu behar da, baina pentsaezina da horien araberako erabaki politikoak hartzea. Hori gertatzen ari da eta gertatuko da hurrengo hilabeteetan, baina berriz diot, begirune osoarekin jokatuz euren lekuan kokatu behar dira, ez gorago eta ez beherago. Derrigorrezkoa da errekonozimendua, derrigorrezkoa da erreparazioa, alde guztietako biktimen onarpenerako bide luzea daukagu urratzeko. Baina ez gaitezen engaina, politikaren begietatik kontatutakoa ezin liteke herri honen kontakizun historikoa izan. Hau izan denaren historia hemendik urte askora idatziko da, historiagile eta zientzialariek izkiriatu beharko dute, objektibotasunetik, egiarekiko konpromisotik, alderdikeria eta interesetatik libre. Pretentsio ausartegia iruditzen zait azken 50 urteotako historiaren kontakizuna gaur bertan idatzita utzi nahi izatea. Ariketa horrek distantzia tenporala eskatzen du, sentimenduen zipriztinetatik salbu egotea. Pasioak ez daki kontakizun historikorik idazten.

Pasioak hoztuta, zer ondorio eta irakaspen atera dituzu aurreko negoziaketa saio eta prozesuetatik?

Enfrentamendu politiko-militarraren maila gorenean iritsi zen Aljer, baina orduan Estatuak ez zuen muineko arazo politikoaren irtenbidea bilatu nahi izan, enfrentamenduaren murrizketa eta desaktibatzea baizik. Lizarran abertzaleen arteko akordioa erdiesten da Estatuari aurre egiteko asmoz, baina hor ere konponente militarra mantentzen da. Loiolan ere badago konponente hori, eta hor ere Estatuari begira geunden, Estatua zen erreferentea. Horregatik da oso desberdina prozesu honen atarira ekarri gaituen bidea, eta horregatik erreparatu behar zaio perspektiba berri batekin. Batetik, azken bi urteetako planteamendua esklusiboki bide politikoen aldekoa da, eztabaida klabe politikoan soilik bideratzen du. Bestetik, orain arteko dokumentu guztietan Estatuarekin negoziaketa zegoen presente, baina orain hori bigarren planora pasa da. Estatuari begira egon gabe, nazioartean oihartzuna duen eta euskal jendartean zentratzen den indar metaketa prozesu batean jarri ditugu buru-bihotzak, gizarte horrek positiboki baloratu ditzan helburu subiranistak. Estatuarekin kontrastatzeko ordua iritsiko da, baina gizartearen bultzada eta ahalmena muinean izango dituen prozesuaren ondorio gisa. Aurreko prozesuetatik zerbait ikasi badut gizartea prozesuaren parte izan behar dela da. Ezin dira ardura guztiak zuzenki inplikaturiko eragileengan utzi. Ez dago prozesu politikorik jendarterik gabe.

Demagun prozesua ezker abertzalearen barne eztabaidarekin hasi zela. Horren inguruan tinta eta izerdi asko isuri da geroztik.

Has nadin barne eztabaidaren bukaeratik eta Sorturen aurkezpenetik. Politika egin nahi badugu ezker abertzalea legeztatu behar da. Ezin da politikarik egin alderdi politikorik gabe. Horren aurrean, Estatuak marko legala jartzen dizu, inbutua estutzen duten baldintza eta eskakizunekin. Hori ikusita ezker abertzaleak alderdi bat sortzeko deliberoa hartzen du eta beraz, inbutua onartu beharra dauka. Ez da erabaki erraza izan, ezker abertzaleko sektore jakinetan asko kosta da digeritzen. Aurkezpen egunean ez ziren gutxi izan hotzikarak eta eztarrian gora zabuka ari ziren bihotzak, baina uste dut asmatu zela, halako garrantzia duen erabakia kanporatzen duzunean atzera bueltarik gabeko bidean sartzen zarelako. Niretzat, inflexio puntuak eta atzera bueltarik gabeko erabakiak daude. Kasu honetan, funtsezko inflexio puntua 2009ko urritik 2010eko otsailera izandako barne eztabaida mamitsua da, eta barne eztabaida horren ondorioak kanporatzeak dakar atzera bueltarik gabeko egoera. Sorturekin ezker abertzalearen erronka sinesgarritasunaren bataila irabaztea bada, eta publikoki aurkezten badituzu hain estatutu engaiatuak, ez daukazu atzera bueltarik, gizarteak badaki zein den zure apustua, ez dago besterik.

 

Sinesgarritasun hori sakon sustraitu dute azken asteetako gertakariek.

Aieteko konferentziarena oso urrats garrantzitsua izan da. Lehen niotsun gisan, nazioarteko inplikazioa eta euskal jendartearena bi elementu ezinbesteko dira prozesu honetan. Ziur nengoen ETA bat etorriko zela Aieten egindako eskaerarekin eta aurrerantzean ere adierazpen horretan ageri den bide-orria betetzen joatea espero dut. Nazioarteko babesak oso interesgarria iruditzen zaidan beste irakurketa bat dauka, ordea. Une honetan Espainiako Estatuaren ezaugarrietako bat barne kohesiorik eza da. Estatuaren aparatu desberdinek ez dute norabide berean arraun egiten. Hori hala, garbi dago aparatu polizialek, eta batez ere Guardia Zibilak, gustukoa ez dutena trabatzeko mugimenduak egingo dituztela. Ikusi besterik ez dago zenbait komunikabide elikatzen egiten ari diren lana. Bestetik, etorkizun hurbilean giltzarria izan daitekeen botere judizialean behin betiko irtenbide baten kontrako indarrak daude, edo bestela esanda, botere judiziala bitan zatituta dago. Aparatu desberdin horiek ahaleginak eta bi egingo dituzte iragarrita dagoen PPren gobernu berria norabide jakin batean presionatzeko, eta horren aurrean, Rajoyri ezin hobeto etor dakioke Aieten egon ziren izen esanguratsuen babesa, kolpe baxu horiek amortiguatu eta prozesuan aurrera egiteko. Orain PPk mesfidati eta mespretxuz begiratzen badio ere, ez harritu etorkizunean nazioarteko babes taldea aliatu gisa erabiltzea prozesuan sakontzeko.

Zer pisu izan dezake arlo juridikoak prozesu honetan? Hor dago presoen gaia, esaterako.

Edozein giza gatazka, gatazka juridikoa da funtsean, baina era berean, politikaria tarteko denean ez du juristak agintzen. Normalean, Estatuak aspektu juridikoak aitzakia gisa erabiltzen ditu denborak markatu eta aurrerapen politikoak ekiditeko. Ondo bidean, arlo juridikoa bukaeran dator, garrantzitsuena borondate politikoa baita, erdiesten den itun politikoa. Erabaki politikoari soinekoa egiten dion jostuna da jurista. Gauzak horrela, marko juridikoa Estatuaren ezkutua da, eta azterketa errealista eginez, ezin da ahaztu amnistia ez dela existitzen ez konstituzioan ez zigor-kodean. Konstituzioak garbi dio ezin dela indultu orokorrik eman, beraz kasuan kasukoak soilik aurreikusten ditu legeak. Horri gehitu behar zaio 2003an Aznar-en gobernuak tarte gutxi uzten duten aldaketa basatiak txertatu zituela zigor-kode eta espetxe araudietan. Egoera horrekin presoen irteera nondik etor litekeen? Izan liteke, Irlandan bezala, lege berezi bat moldatzea preso politikoen egoera pertsonalaren araberako askatze progresiboa arautzeko, baina segur aski estatu espainolak kasuan kasuko azterketaren eta erabakiaren alde egingo du. Horregatik uste dut lege orokor espezifikoa ezin bada, pauta komun batzuk definitzen dituen marko orokor espezifiko bat behintzat lortu behar litzatekeela presoen kolektiboarentzat, askatze aldi desberdinak egonagatik. Hori zigortutako presoen kasuistika litzateke. Preso prebentiboei dagokienez, orain egonkortu den egoerak ihes egiteko eta delitua errepikatzeko arriskua desagerrarazten dituenez, preso prebentiboen askatzea asko erraztuko da. Baina lehen niotsuna, dena borondate politikoaren menpe dago.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude