Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) hitzetan, Aieteko hitzarmenaz geroztik indartu zen prozesuak du garrantzia. "Horretan jarri behar dira indarrak; uko egiten diogu etsaiaren amarruan erortzeari", dio euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari zuzendutako agirian (pdf). Bestalde, kolektiboak amaitutzat eman du Iosu Uribetxebarriaren egoera (eta gaixo dauden gainerako presoena) salatzeko helburuarekin abuztuan hasi zituzten protestak, gose grebak barne.
"Gobernu espainiarrak Iosuren kaleratzea atzeratuz, dagoeneko jasan duen porrota mozorrotu nahi du. Josuri berari eta Kolektiboari erakutsi dugun duintasuna eta tinkotasuna ordainaraziz", dio EPPK-k agirian: "Erronka itsu batean sartu nahi izan gaituzte, izan ditzakeen ondorio lazgarriei jaramonik egin gabe eta baita ere bilatuz, esan genezake".
"Dei egiten diogu euskal jendarteari biderka ditzala Josu eta beste hamahiru preso gaixoak askatzeaz gain, gu guztiok Euskal Herriratzeko ekimenak; eta arduradun politikoei, hiltzen utzi nahi duten prozesu politikoa indar berriz sustatzeko", gaineratzen du.
Herrira: "Uribetxebarriaren heriotza aurreratzen ari dira"
Bien bitartean, Herrira plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo Donostiako Ospitalean (han dago preso Uribetxebarria, hirugarren graduan). Beñat Zarrabeitia plataformako kideak salatu zuenez, "Uribetxebarriaren heriotza aurreratzen ari dira, eta euskal gizarteak ez du nahi gatazkaren ondorioz inor gehiago hiltzea".
Informazio gehiago:
Fiskaltzak helegitea jarri dio Uribetxebarriaren baldintzapeko askatasunari (2012-09-05)

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.