Lekuko ekoizle eta kontsumitzaileen elikaduraren burujabetza izango da eztabaidagai datorren urriaren 26an, Gernikan. Plataforna Ruralek antolatu du nekazaritza munduan oinarritutako topaketa, EHNE-Bizkaiaren laguntzarekin.
"Bizirik dagoen nekazaritza mundu baten alde" egingo da Gernikan antolatu duten VIII. eztabaida egunean. Nekazaritza eta elikaduraren burujabetza defenditzen duten kolektiboen borrokari tokia eginez, baserritar mundua mugitzea dute helburu. Herri, elkarte eta pertsona ugariren arteko estrategia eta jokaera kolektiboak bultzatu nahi dituzte datozen bi urteetan finkatuta gera daitezen.
Gaztetxean, Elai Alai aretoan, Kultur Etxean eta Lizeo Antzokian elkartuko dira elikaduraren burujabetza babesten duten Espainiako Estatuko pertsona eta erakundeak.
Parte hartzaileek aldez aurretik eman beharko dute izena www.plataformarural.org helbidean.
Gazte Nekazarien Topaketa
Era berean, Gazte Nekazarien II. Hezitze Topaketa eta Truke asteburua antolatu dute urriaren 25, 26 eta 27an. Laborantza arlo horretara hurbildu nahi duen oro dago gonbidatua.
Nekazaritzaren industriaren alternatiba izango da hizpide 25ean, nekazaritza ekologikoa, elikaduraren burujabetza, alegia. Lekuko ekoizle eta kontsumitzaileari emango zaio garrantzia 26an. Eta 27an, nekazaritza ekologikoaren inguruko hainbat tailer egingo dira.
Matrikula, bazkariak eta alojamendua doakoak izango dira. Izena emateko 946232730 telefonora deitu edo idatzi unai@ehnebizkaia.org helbidera. Epea urriaren 17an amaituko da.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.