Akatsen bat dute Europar Batasuneko zentral nuklear guztiek, eta ez dute inguruan bizi diren herritarren segurtasuna bermatzen. Hori ondorioztatu du Europar Batasunak, Fukushimako istripu nuklearraren ondoren Europar Batasuneko zentral nuklear guztietan egindako erresistentzia proben bidez, AFP agentziak txostenaren kopia bat eskuratu eta zabaldu duenez.
Azken txostena ostegunean argitaratuko dute eta zirroborroak biltzen duenez, EBko 143 zentzal nuklearrek hobekuntzak behar dituzte. Horietatik 47k 100.000 biztanle dituzte inguruan bizitzen, 30 kilometroko erradioan.
"Erresistentzia froga hauen emaitzak erakusten du [zentral nuklear] guztiek segurtasun hobekuntzak egin behar dituztela", dio filtratutako zirriborroak. "Hartu beharreko ehunka neurri tekniko topatu dira dagoeneko".
"Three Mile Island eta Txernobylgo istripu nuklearren ostean, zentral nuklearrak babesteko larrialdizko neurriak onartu ziren. Erresistentzia froga hauek erakutsi dute ordea, hamarkaden ostean zenbait estatutan oraindik ez dituztela indarrean jarri".
Izenik eman ez duten bi estatutako lau erreaktoretan, indar elektrikoa galduko balute segurtasuna soilik ordubetez bermatzeko gaitasuna izango lukete.
Garoñako plantari buruz txostenak dio gas leherketak prebenitzeko beharrezkoak diren hidrogeno birkonbinagailuak falta dituela, Espainiako Estatuko eta Erresuma Batuko beste zenbait zentralek bezala. Istripuren bat egonez gero, beraz, gas leherketa izateko arriskua izango luke Garoñak.
Frantziako Estatua da Europako produktore nuklearrik handiena, eta herrialdeko 58 plantek erabiltzen duten elektrizitatearen %80 sortzen dute.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.