Egia al da ozonoa injektatuta dopatzen direla kirolari batzuk?

  • Neurri batean bai, egia da. Tira, egia da errendimendua hobetze aldera kirolari batzuk odolean ozonoa injektatzen dutela baina, antza, horrek ez die batere mesederik egiten, ez behintzat orain arte egindako ikerketek diotenez. Eta egia da kirolariak zigorra jaso dezakeela ozonoa injektatzeagatik, baina ez justu gorputzean produktu hori sartu duelako, odola atera eta berriro injektatu duelako baizik. Alegia, hainbat adituren hitzetan ozonoa bere horretan ez da produktu dopatzailea, baina odol auto-transfusioa legez kanpoko ekintza da.


2012ko uztailaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30
Ozonoak kirol errendimenduan eraginik ez duela diote askok.

Poliziak Remy di Gregorio txirrindularia atxilotu zuen uztailaren 10ean Frantziako Tourrean. Antza, ozonoa injektatu zuen odolean, badakizue, lurra erradiazio-ultramoreetatik babesten duen gas ezaguna. Odola atera, ozonoarekin nahastu eta berriro barrura. Erraza. Eta detektatzeko oso zaila, haren efektuak ordu gutxira desagertzen baitira. “EPOa injektatzen duen jendeak gauza bera bilatzen du, baina globulu gorrien kopurua handituta, eta efektuak bizpahiru hilabetera desagertzen dira”, zioen Jordi Segura Bartzelonako dopinaren aurkako laborategiko zuzendariak La Vanguardia egunkarian. Laburrean azaltzeko: ozonoa (O3) oxigeno (O2) bilakatzen da eta odolean elementu hori biderkatzen laguntzen du; horri esker, muskuluak hobe oxigenatzen dira. Seguraren hitzetan ozonoak ez du globulu gorrien –hematokrito– kopurua handitzen. Horiek bai, horiek errazago detekta daitezke.

Dopinaren aurkako laborategiko zuzendariak dio ozonoa detektatzeko teknikak ez daudela perfekzionaturik eta kirolaria harrapatzeko beharrezkoa dela “zeharkako bide bat” (txibatazo bat) egotea. Hala deskubritu du Frantziako poliziak Di Gregorio. Cofidis taldeko ziklista 75 urteko naturopata batek salatu zuen. 2008an medikuntzaren jarduera ilegalagatik kondenatu zuten gizon hori, eta aitortu zuen gutxienez lau ziklistari egin zizkiela odol transfusioak.

Balio al du ezertarako?

Moises Garcia Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileak dioenez, ozonoa injektatzea alferrikakoa da: “Kirolari batzuk dopatzea ulertzen dut, baina ezertarako balio ez duten sasiterapiak erabiltzea… Ozonoterapiak ez du ezertarako balio eta gainera arriskutsua izan daiteke, ozonoaren botere oxidatzaileak globulu gorriak kaltetzen dituelako”, idatzi du bere blogean.

“Teknika horren aldekoek diote ozonoa azkar bilaka daitekeela oxigeno, baina ez dute esaten erradikal libreak sortzen dituela”, dio Garciak aipatu artikuluan, azalpen teknikoagoei heldu aurretik. Bere hitzetan, Di Gregoriori ozonoa injektatzeak soilik balio izan dio Tourretik kanporatua izateko, eta agian efektu plazebo iragankor bat lortzeko.

Jackes Dallet Marseillako fiskalak adierazi duenez “ez gara produktu dopatzaile bati buruz hitz egiten ari, metodo dopatzaileei buruz baizik”. Argi du ozonoak ez duela dopatzen, eta auto-transfusioa “metodo dopatzaile” gisa definitzea besterik ez du egin, Garciak azpimarratu duenez. “Ozonoa administratu zion naturopata kirolari bati debekatutako sustantzia bat emateagatik eta medikuntzaren jarduera ilegalagatik akusatuko dute”, dio ikertzaileak: “Aurrenekoa argi dut, baina bigarrena ez. Ozonoa administratzea ez da medikuntza, tontakeria arriskutsua baizik”.

La Vanguardiarentzat ere badu mezua, “burugabekeria” hau dopinaren jainko berri gisa aurkeztu duelako: “Ez da harritzekoa ezin daitekeela detektatu esatea, ez baitu deus egiten. Nire iritziz albiste horrek lortzen duena da jendeari sinestaraztea benetan funtzionatzen duela. Ulertzen ez dudana da AMAk (Dopinaren aurkako Nazioarteko Agentziak) zergatik galtzen duen denbora eta dirua inolako mesederik egiten ez duen zerbait detektatzeko, eta gainera dopina balitz bezala tratatzea. Metodo eta substantzia dopatzaileen artean sartuko al dituzte ere Bach loreak, reikia eta homeopatia moduko sasiterapiak?”.

Litekeena da ezertarako balio ez izatea, baina hedabideek-eta zein tratamendu ematen dioten ikusita, ez litzateke harritzekoa izango geroz eta jende gehiagok ozonoa injektatzea kirol errendimendua hobetzeko.

Ozonoterapia medikuntzan

Artikulua amaitutzat ematera nindoan une berean, lankide batek esan dit ospitale batzuetan ozonoterapia erabiltzen dutela bizkarreko minak-eta zuzentzeko, Quiron taldeak Donostian eta Bartzelonan dituen zentroetan, adibidez. Bartzelonako ospitalearen webguneak Kataluniako Ozonoterapiaren Institutura bideratu nau. Badut nondik jarraitu.

[Irakurri artikulu gehiago Jon Tornerren blogean]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dopina
Dopinaren Mundu Agentziak lau urterako kanporatu du Errusia nazioarteko lehiaketetatik

Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak ebatzi du Errusiak galarazita duela mundu mailako lehiaketetan parte hartzea. 2020ko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da, besteak beste.


2017-12-15 | Jon Torner Zabala
Froomen positiboa eta 'Euskadi' izena nork eramango lehia... edo ziklismoak zenbat gogaitzen nauen

Realak azken partida galdu ostean –Malagaren aurkakoa– Whatsapp mezua jaso nuen, J.B. Toshack entrenatzaile ohiaren esaldi batekin: “Astelehenetan hamar jokalari aldatuko ditudala pentsatzen dut, astearteetan zazpi edo zortzi, ostegunetan lau, ostiraletan bi,... [+]


Eguneraketa berriak daude