Isabel Celaá Hezkuntza sailburuak atzo ikasturte hasierako ekitaldian adierazi zuenez, 6.800 ikasle gehiago izango dituzte aurten EAEko ikastetxeetan, guztira 356.421 eta horietatik %50,7 eskola publikoan. Ikasle gehiago izan arren, baliabide "bertsuak" mantenduko dituztela gaineratu zuen, baina EAEko hezkuntza "murrizketatik libre" dagoela azpimarratu zuen. ELA eta EILAS sindikatuek erantzun dute ikasle gehiagorekin irakasle eta baliabide kopurua ez handitzea murrizketak direla eta ohartarazi dute 300 bat irakasle faltako direla.
Isabel Celaák atzoko ekitaldian nabarmendu zuenez, indarkeria matxista jorratuko da aurten eskoletan eta PSOEren Gobernuak abiatutako hiru eleko ereduak jarraipena izango du. Ikasleak ostegunean izango dute lehen eguna Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.
Nafarroan protestak
Nafarroan, bihar hasiko dituzte eskolak ikasleek. Foru erkidegoko Gobernuak argi utzi du Espainiako Gobernuak agindutako murrizketak indarrean sartuko dituela. Hezkuntza Departamentuaren arabera, 350 irakasle gutxiago egongo dira 2012-2013 ikasturtean. Hori dela-eta, dagoeneko hasi dituzte protestak hezkuntza arloko eragileek. Bihar, departamentu atarian egingo dute elkarretaratzea.
Ikastetxe bat gehiago izango du Seaskak
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin, gaur bertan hasi dituzte eskolak ikasleek. Frantziako Gobernu aldaketarekin, lasaiago daude hezkuntza arloko eragileak. Irakaskuntza pribatuan, Seaskak 30. ikastetxea zabalduko du ikasturte honetan.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketez, hiru eleko ereduaz eta beste hainbat gaiz elkarrizketatu genuen Isabel Celaá Hezkuntza sailburua Argian: Alderdiok filosofia berean oinarritutako akordio inplizitua dugu hezkuntzan
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.