EAEn, biztanleen %4,1 pobrezia egoeran daude, %15 pobrezia arriskuan, eta %1,3ren esku dago Barne Produktu Gordinaren %44,4. Datu horiek eman zituen atzo Zero Pobrezia plataformak, bihar Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. Munduan, 1.300 lagun bizi dira egunean euro bat baino gutxiagorekin, eta biztanleriaren %10ak du aberastasunaren %85.
Iaz, EAEko biztanleen %15,6 zenbatu zituzten pobrezia edo gizarte bazterketa egoeran, alegia 88.643 lagun. 2012ko aurreikuspenak okerragoak dira, krisia dela-eta. Erakunde ekonomikoek erabakitako murrizketa politikek langabezia, prekarietatea eta bazterketa handitu dutela salatu zuten plataformako kideek, eta administrazio publikoak laguntzak gutxitu izana kritikatu zuten.
Murrizketei bai, aberastasunean, desberdintasunean eta xahutzeetan lelopean, egungo sistema kapitalista eta patriarkaletik bereiziko den bestelako gizarte eredua aldarrikatu zuen Zero Pobreziak, "parte-hartzailea, soziala, aberastasuna banatuko duena, ingurumena errespetatuko duena, generoen arteko berdintasuna bilatuko duena eta pertsona guztientzat bizimodu duina nahi duena".
Mobilizazioak
Hego Euskal Herriko hiriburuetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte bihar, egoera salatzeko. Iruñean elkarretaratzea egingo dute udaletxe plazan, Eskubide guztiak, guztionak: lankidetza eta elkartasuna lemapean. Bilbon, elkarretaratzea izango da udaletxe aurrean, goizeko 11:00etan; pobreziaren kausak salatzeko irakurketa irekia egingo dute 17:00etan loreen merkatuan; eta kontzentrazioa eta kalejira prestatu dute 19:00etarako. Gasteizen Correosen izango da elkarretaratzea, 19:00etan. Donostian berriz, Haizearen Orrazitik aterako da Bizimartxa, 18:30ean.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.