Piztu Ezazu Argia gunera joan.

Donostiako suteak estalitako tragedia

2012-09-05
alde 0    kontra 0
William Heath artistaren “Storming of St. Sebastian” obra.

Hitz hauek idazten ari naizen unean, 199 urte atzera eginda, tragedia beltza bizitzen ari ziren Donostian, eta askok ordurako dena galdu zuten. Abuztuaren 31n sartu ziren tropa ingeles eta portugaldarrak hirian, eta hurrengo egunetan frantziarrak Urgull mendiko gotorlekura igo zirela ikusita, harresiko ateak itxi eta nahi izan zuten guztia egin zuten herritarrekin. Baina historia irabazleek idazten dutenez, abuztuaren 31n gertatzen hasi zenari “Donostiako Sutea” deitzen diogu oraindik ere, soldadu mozkorrek hildako ehunka errugabeak eta adin guztietako emakume bortxatuak ahanzturara kondenatuz. Eta noski, arduradunak eta biktimak izan zirela albo batera utziz.

Gernikako bonbardaketarekin ez bezala, beti izan dut sentsazioa egun haietan Donostian gertatu zenari buruz ez dakigula ia ezer, ez dugula bitartekorik izan eta ez dugula asmatu herritarren sufrikarioa kontakizunaren erdigunean kokatzen. Gauzak horrela, poz handiz irakurri eta asko ikasi dut Iñaki Egañak berriki argitaratu duen Donostia 1813 liburu bikainarekin. Azpitituluan jartzen duen bezala, “Nork, nola eta zergatik eragin zuen hiriko tragediarik handiena” paradigmari erantzuna eman nahi izan dio historialariak, oso ongi dokumentatuz baieztapen bakoitza, eta hala, kontaketa solido eta berritzailea utziz etorkizunerako. Honelako liburu bat behar zen, enfoke globalagoa zuena, eta ongi etorriko da gaiaz asko hitz egingo dugun 200. urteurrenaren ateetan.

Sutea aipatzen dugu leku guztietan, sutea deskalabru guztietako bakarra izan zela konturatu gabe. Sute hitzak gordinagoak diren gauza asko estaltzen ditu, eta nolabait hiriari su eman ziotela da ordutik jaso dugun kontakizuna. Donostian gertatu zena liburutik atera dudan ondorengo paragrafoak ongi laburtzen duela uste dut. Euskaratzea nirea da, liburua gazteleraz idatzia baita.

“Tropa britainiar eta portugesak Donostian sartu ziren, eta bi hilabetetik gorako setioaren ostean, mendeku hartu zuten, ez borrokalariekin, baizik eta populazio zibilarekin. Lekukoek kontatu dute populazio zibilaren aurka eraso egiteko eta bidean topatzen zuten guztia suntsitzeko aginduak zituztela. Lapurtu zuten, lehenengo dirdira egiten zuen guztia, gaztelarrek Ameriketako konkistan bezala, urrea, zilarra eta bitxiak, eta gero beste guztia, harriak barne, ondoren inguruko herrietan saltzeko. Beren hildakoez kezkatu aurretik, emakume guztiak bortxatu zituzten, heldu eta umeak barne, eta bere ohorea defendatu zuena, baionetarekin gurutzatu zuten. Lapurretaren ondoren, mozkortu ostean eta hainbat altxor eta emakumerengatik eztabaidan ibili ostean, hiriari su eman zioten. 60 eguneko bonbardaketatik bizirik atera zen hiriari su eman zioten”.

Egañak orri baten bueltan dabiltzan pasarte laburretan zatitu du liburua, eduki historikoak oso modu irakurterrazean aurkeztuz. Argazki eta garaiko margo ugari biltzen ditu orriotan, eta zenbait unetan estimatu ere egiten diren egilearen interpretazioak ematen ditu, bere teoria propioei bide eginez. Batzuetan gaiari buruz idatzi duten historialariak esplizituki aipatu eta beren lana gaizki egin dutela ere esaten du; edo garaiko interesen menera interpretazioak egin dituztela salatzen du, kontsultatu nahi izan ez dituzten dokumentuak aipatuz. Bertan kontatzen duena dokumentatua dagoela jakiteak, eta orain arte horrela ez dela idatzi jakiteak, segurtasun handia ematen dio irakurketari, eta historian aditua ez denak, gauza askoren berri izango du lehen aldiz.

Tragedia 10 puntutan

Donostian gertatu zena ulertzeko azalpen eskematiko bat idaztea. Agian ez dira historia ulertzeko 10 punturik garrantzitsuenak, baina badira ni harritu nauten hamar gauza, eta susmoa dudana, jendeak ez dakizkienak. Esan gabe doa, gehiago jakin nahi duenari, Donostia 1813 liburua irakurtzeko gomendatzen diodala.

1- Pixka bat kokatzeko, esan, 1790. hamarkadaren amaierarako, 36ko gudan bezala, “probintzia traidorea” izendatu zutela Gipuzkoa Espainian, okupatzaile frantziarrari erresistentzia handirik ez jartzearren. Bertako agintariei “espainiartasun falta” aurpegiratu zieten eta Donostiako Michelena alkatea eta beste zenbait kide atxilotu egin zituzten 1796an horregatik. Iruñeko kartzelan sartu zituzten eta gerra-kontseilua egin zieten. Gutxigatik libratu ziren heriotza zigorretik.

2- Jada 1813ra etorrita, bi hilabetez setiatu zuten Donostia portuges eta britainiarrek. Barnean tropa frantziarrak zeuden. Frantziarrek ongi defendatu omen zuten euren posizioa, eta murruetara heldu nahian portuges asko eta asko hil omen zituzten tiroka. Azkenean espainiarren aliatu ziren portuges eta britainiarrek hirira sartzea lortu zutenean, frantziarrek posizioak utzi eta Urgull mendian gora egin zuten ihes. Beso zabalik hartu zituzten herritar gehienek kanpotik zetozenak “askatzaileak” bailiran, baina hauei tiro eginez erantzun zuten soldaduek, orduko dokumentuetan kontatu denez. Hainbat lekukok kontatu zuten tropa portuges eta ingelesek esan zutela Espainiako Castañosen aginduak zituztela, “denak hil eta topatzen zuten guztia suntsitzeko”. Garaiko egunkarietan ere islatzen da halakorik. Wellington eta Alava generala dira, aurretik aipatu Castañosekin batera, gertatutakoaren arduradunak. Inoiz ez du inork barkamenik eskatu orduan egindako astakeriengatik, ezta kalte-ordainik eman ere.

3- Adin guztietako emakumeak bortxatu zituzten animaliak bezala iritsi ziren soldaduek. Aurka egiten saiatu zen edonor tiroz hil zuten, beraz, nahi zutena egin zuten ondorengo egunetan. Donostiarrei beren diru guztia lapurtu zieten, eta liburuan jasotzen denez, batzuk torturatuta hil zituzten ez zietelako sinesten eman zieten dirua benetan zuten guztia zela. Abuztuaren 31ko gauean emakumeen garrasiak bakarrik entzuten omen ziren hirian, bortxatzen ari ziren emakumeen garrasiak. Beste guztia, isiltasuna.

4- Hiriari su eman zioten eta oso etxe gutxi salbatu ziren, 600dik 35. Gehienek dena galdu zuten, eta etxeetan oso modu miserablean bizi izan ziren pilatuta. Zutik zeuden etxeetan (egungo abuztuaren 31 kalea), militarrak sartu zituzten dena galdu zutenekin batera bizitzera, oraindik mingarriago eginez egoera, bortxatzaileak bortxatuekin batera biziaraziz.

5- Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak porrot egin zuten ekonomikoki. Dena galdu zuten, eta ordura arteko idatzi guztiak erre ziren egun haietan. Hiria suntsitu zuten espainiarrekin bat eginda zeuden portuges eta ingelesek, eta hala ere, Donostiako Udalari “Guda zerga” ordainarazten zion Espainiako Estatuak bere militarrak mantentzeko. Udalak, noski ez zuen ordaintzen, ez baitzuen dirurik, eta hurrengo urteetan zorra erreklamatu zioten, hau kitatu arte. Bitartean, jendea gosez eta gaixotasunez hil zen Donostian.

6- Donostiarrak erabat lur jota geratu ziren zigorgabetasun osoz egin zieten guztia ikusita, eta Espainiako estatuko parte izan arren, Madrildik begi onez ikusten zutela ikusita, bakardade eta injustizia sentsazioak hartu zituen donostiarrak. Hainbat urte beranduago, egun haiek bizitu zituzten ia 80 pertsonaren testigantzak bildu zituen udalak, behintzat idatzita gera zedin han gertatu zena eta etorkizunean norbaitek salatuko zuelakoan. Liburuan udalak jasotako lehen lekukoaren testigantza dago transkribatuta eta benetan ikaragarria da. Xehetasun bat ekartzeko, lekukoak dio San Geronimo kalean barrika bati hankak eta besoak lotuta, adin txikiko neska bat zegoela lotuta, bortxatu izanaren zantzuekin eta tripak irekita. Egun haien krudeltasunaren adibide bat.

7- Gernika bonbardatu zutenean, hiriari su errepublikazalek eman ziotela esan zuten bezala, Donostiari su frantziarrek eman ziotela adierazi zuten Wellington eta konpainiak. Donostiako triskantzari buruz ez zuten sekula askorik hitz egin.

8- Negu hori oso gogorra izan zen. Etxerik gabe, gaizki elikatuta eta higiene falta nabarmenarekin, malaria gaitzak eragin izugarria izan zuen eta 1813 eta 1814ko udaberria bitartean jende asko hil zen

9- Ez dago zifra zehatzik zenbat jende hil zen abuztuaren 31tik aurrerako tragedia honetan. Udalak 1.600 pertsona hil zirela esan zuen handik hilabete batzuetara, eta badirudi, gerora zenbaki hau frogatu dela.

10- Horrenbeste heriotza eragin zituen setioaren 50. urteurrena ospakizun gisa antolatu zuten garaiko agintariek, Donostia frantziarren eskuetatik askatu izan balute bezala. Mendeurrena ere antzera joan zen 1913an, eta frankismo betean ospatu zen 150. urteurrena ere espainiartasunaren gorespena izan zen 1963an. Oraindik ez da ekitaldi ofizialik egin bertan gertatua duintasunez kontatzea xede izan duenik. Datorren urtean izango dugu aukera berri bat, eta ikusiko dugu ea Udaleko alderdiek zer jarrera hartzen duten. Badirudi, historiaren irakurketaren talka izango dugula, bestela, ikusi El Diario Vascon Álvaro Aragónek argitaratu duten artikulu hau Egañari besteak beste “aficionado” deitzen diotena, edo Irutxuloko Hitzan Josu Tellabided ateratako hau.

[Artikulu hau Lander Arbelaitzen blogean bi artikulutan banatua topatuko du irakurleak]

Piztu ezazu argia
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
INPRIMATU

Publizitatea

azala  
azala2368
 
azala2367

2369 zenbakia.
2013ko maiatzaren 19a
AZALA PDF-n

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys