Bakearen Nobel Saridun Desmond Tutu hegoafrikarrak eskatu du George W. Bush eta Tony Blair epaitu ditzatela Nazioarteko Zigor Epaitegian (NZE), 2003an Irak inbaditzea agintzeagatik. The Observerren argitaratutako zutabean inbasioaren "inmoralitatea" gaitzetsi du, "engainuan oinarritu zelako". Gerora frogatu zenez, Iraken ez zen suntsiketa handiko armarik eta arrazoi honen gainean eraiki zuten inbasioa. Gatazka horrek mundua bipolarizatu duela uste du gotzainak.
"Garai hartako AEBetako eta Erresuma Batuko agintariek egoera asmatu zuten eta eskolako harroputzak bezala aritu ziren, mundua zatitu zuten eta amildegira eraman gaituzte, Iran eta Siriako espektroak gure aurrean ditugula", dio.
Gotzainak gogoratu du Irakeko gatazkan 110.000 zibilek eta AEBetako 4.500 soldaduk galdu dutela bizitza.
Tutuk uste du Bush eta Blair epaituko balituzte, NZEn irekita dauden prozesuen sinesgarritasun defizitarekin amaituko litzatekeela, ez baitago Mendebaldeko agintarien aurkako epaiketarik. Tutuk defendatu du Zinbabweko presidente Robert Mugaberen aurkako epaiketa egiten bada, bi hauen aurkakoa ere egin beharko litzatekeela. "Mundu egonkor batean, sufrikario honen eta horrenbeste bizitzaren galeraren arduradunek beren kide afrikar eta asiarren bide bera egin behar lukete. Hagako epaitegian beren ekintzengatik erantzutera behartu behar dira".
Artikulua amaitzeko dio, Johannesburgon (Hegoafrika) eman behar zuen hitzaldi bati uko egin diola astebeteren faltan, Tony Blair-ek ere parte hartu behar duelako.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.