Darwin gogoan... ez denek asmo onez

  • Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena ospatuko da gaur mundu osoan. Baina ez dute denek ospatuko. Bere garaian ingeles biologoa jipoitu zutenek oinordeko asko dute oraindik. Eta oraindik, lehen bezala, Eboluzioaren Teoria ukatzen dute. Hori bai, kreazionista zurrunak, munduaren historia hitzez hitz Biblian ageri den berbera dela diotenak, gero eta gutxiago dira. Planeta honek 6.000 urte besterik ez duela defendatzeko adore handiegia behar da. Baina kreazionismo moderno bat badago, itxura onekoa, bere burua "zientziaz" mozorrotu nahi duena, eta Sarah Palin bezain ordezkari boteretsuak dituena nominan. Diseinu inteligentearen aldekoak dira. Jainkoak konfesatuta harrapa gaitzala.


2009ko otsailaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Gaur betetzen da Charles Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena

Charles Darwin 1809ko otsailaren 12an jaio zen Shrewsburyn (Ingalaterra). 50 urte geroago bere "kumerik" ezagunena aurkeztu zion munduari: Eboluzioaren Teoria. Sekulako kolpea izan zen iritzi publikoarentzat, are gehiago Elizarentzat. Kalean inkesta eginez gero, jende askok, akaso, "gizakia tximinotik dator" xume batez laburbilduko luke Darwinek proposatu zigun iraultza. Hori baino konplexuagoa da jakina, baina balio dezake. Kontuak kontu, ia denok dakigu haren lanaz zerbait. Izan ere, Darwin da Historiako zientzialaririk garrantzitsuenetako bat –Einstein, Galileo eta beste gutxi batzuekin batera–; haren lana gure pentsamoldean izandako eragina ikaragarria izan da. Ez da harritzekoa beraz, mundu osoan egiten ari den ospakizun andana. Darwin urtea da 2009, Darwin hilabetea otsaila. Gaur, Darwin eguna.

Benetako izena askoz luzeagoa da, baina laburtzeko Espezieen jatorriaz esaten zaio Darwinen lan nagusiari. Han eman zuen bere teoriaren muina.  Zientzia-saiakera izan arren, best seller-a izan zen, eta erreakzio asko eragin zuen. Bortitzena Elizarena izan zen, Darwinen teoriek hankaz gora jartzen baitzuten Bibliak dioena. Ezagun dira garai hartan eboluzio kontzeptuaren inguruan sortutako eztabaida sutsuak. Denboraz zientziak irabazi zuen gudua, baina nola Asterixen herrixkako galiarrek, ebidentziari aurre egiten segitu zuten eta segitzen dute batzuek. Batez ere eliza protestanteetan aurkitu daitezke halako jarrerak, eta batez ere AEBetako hego-ekialdean, Hesi Bibliko ospetsuan.

Eboluzioaren aurkakoek eboluzionatu egin dute, hala ere. Milioika urte dituzten fosilak gezurrezkoak direla eta zientzialariek nahita hor jarri dituztela esaten tematzea ez da norberaren buruaren marketing onena, gauden-gaudenean. XXI. mendeko kreazionistek tesi errespetagarria-edo darabilte, zientzia zaporedun edabe magikoa: diseinu inteligentea. Ahalik eta laburren esanda: selekzio naturalaren bidezko eboluzioa, Darwinen eredua alegia, ez da nahikoa biziaren konplexutasuna esplikatzeko. Zerbait gehiago behar da, eta "zerbait" hori, zer esanik ez, diseinatzaile inteligentea da. Jainkoa, esaterako. Diseinu inteligentearen aldeko argudio nagusia "sistema erabat konplexuak" dira; auskalo zergatik, gehienetan giza begia jartzen da horren adibide. Begiari zati bat kenduz gero, ezin du funtzionatu, beraz ezinezkoa da selekzio naturalez sortu izana. Ez du zentzurik guztiz burututa egon arte funtzionatzen ez duen organo batekin milaka edo milioika urtez bizitzeak , eta begiaren osagai guztiak aldi berean mutazioz sortzea kasualitate handiegia da.

Argudio horri eta antzekoei erantzuna eman die dagoeneko zientziak. Ez gara orain murgilduko ur horietan, jakin-mina duenak Wikipedian aurkituko du informazioa (gazteleraz / frantsesez), urrunago joan gabe. Kontua da 150 urteko biologia ez dela nahikoa izan kreazionismoa itzaltzeko. Eskoletan eboluzioaren aipamena ere egitea eragotzi nahi lukete, eta larriena da botere nahikoa dutela eskola askotan helburua lortzeko. Mister Darwin, ez ezazu burua altxa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biologia
Intsektuen apokalipsia antropozenoan

Galdera da ea edozein zibilizaziok gupidarik gabeko gerra egin dezakeen bizitzaren aurka, bere burua suntsitu gabe eta zibilizatua deitzeko eskubidea galdu gabe”. 1

Sei hamarkada igaro dira Rachel Carsonek bere Silent Spring (Udaberri isila) liburu bikaina idatzi... [+]


Cristina Claver.
"Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da"

Cristina Claver-ek (Bilbo, 1996) Biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Italiara joan zen Erasmus egitera, eta gero, itsas baliabide biologikoen masterra egin zuen. Nazioarteko masterra zen eta Frantzian, Italian, Irlandan, Suedian eta Seychelleetan egon zen ikasten... [+]


Jon Luzuriaga
"Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua"

Jon Luzuriaga Gonzalez (Oñati, 1989) Biokimikan lizentziatu zen (2012) eta ikerketa Biomedikoan egin zuen masterra gero (2013); biak UPV/EHUn. 2018. urtean Biomedikuntzan doktoratu zen eta doktoratu osteko ikertzaile bezala egon ondoren, irakasle bezala dihardu UPV/EHUko... [+]


Alicia Gascon
"Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu"

Alicia Gascon Gubieda (1993, Muxika) Biokimikan graduatu zen 2015ean. Gero, Erresumara Batura jo zuen biologia zelularrean espezializatzeko 2015-2021 urteetan, eta orain, UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan.


Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare

Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala sortu ziren hura erregulatzeko arauak. Atzetik etorri ziren gero, ordea, arau-hausteak, herritarren... [+]


Eguneraketa berriak daude