Daniel Innerarity pentsalariak jasoko du Vianako Printzea saria

  • Daniel Innerarity (Bilbo, 1959) filosofo eta pentsalariak jasoko du aurten Nafarroako Gobernuak ematen duen Vianako Printzea saria. "Bere pentsamenduak egungo garaietarako duen egokitasuna" saritu du epaimahaiak.


2013ko maiatzaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Daniel Innerarity pentsalaria.

Innerarity Zarikiegin bizi da, Filosofian doktorea da eta EHUko irakaslea, Ikerbasqueko kidea eta Gobernantza Demokratikoa institutuko zuzendaria da gaur egun. Sari ugari jasotakoa da dagoeneko, tartean Eusko Ikaskuntza saria, Espainiako Saiakera saria eta Euskadi Saria La democracia del conocimiento saiakeragatik (Ezagutzaren demokrazia). Nouvelle Observatoire aldizkariak munduko 25 pentsalari aipagarrienen artean nabarmendu zuen 2004an.

Epaimahaikideen arabera, "gure gizarteak duen ziurgabetasun eta nahasmendu egoeran garrantzitsua iruditu zaigu Daniel Innerarityk egindako lanak nabarmentzea, ideiak, pentsamendua eta gogoetak ekartzen baitituzte, eta estimulu garrantzitsua izan daitezkeelako sorkuntza eta berrikuntzarako". Ekaina aldera jasoko du seguruenik 25.000 euroko saria, Leireko monasterioan.

ARGIAn egindako elkarrizketan pentsalariak berak adierazi zigunez, "nire irudiko egungo gizarteek oso modu larrian arriskatzen dute etorkizuna. Egungo belaunaldiak etorkizuneko belaunaldien kontura bizi dira, eta etorkizuneko etikaren gunea hauxe da: etorkizunak pisu politikoa nola har dezakeen pentsatzea, zeregin politikoetan nola sartu asmatzea. Iraunkortasunak eta bestelako gaiek pentsamoldea aldatzea dakarte eta bizi direnen diktaduratik ateratzeko exijitzen digute, gure gogoetetan existitzen ez direnak ere kontuan hartzeko; ingurumen osasuntsua eskuratzeko eskubidea dutelako, baita erakunde orekatuak eta ekonomikoki segurua den gizarte zerbitzuen sistema ere (...) Egungo eta berehalako kontuekin lanpetuegi gaudela iruditzen zait, ez diegula ia arretarik ematen joera edo aldaketa sakonei. Errealitateari epe luzera begiratuz baino ez dira horiek guztiak antzematen nire ustez. Egungoaren tiranokeriak itsututa gauzka. Ikustea aurreratzea da, eta berehalakoaz baino arduratzen ez direnak egon nahi ez duten lekura iristen dira azkenean. Itsasoan igerian ari garela inguruan, metro koadro batean, daukaguna ikustearen parekoa da, itsas hondoko korronteei jaramonik egin gabe".

Gizartearen erronkez galdetuta, zera erantzun zigun: "Bereziki amorrarazten nau egoera berrietara egokitu behar dugulako lelo horrek, egungo diskurtso politikoan etengabe aipatzen dena. Etorkizuna eraiki egin behar da, baina badakigu etorkizuna eraikitzeak ez duela etorkizuna gure menpe jarriko, eta beraz, ezingo dugula aldez aurretik iragarri. Politikak ez du hautatu behar: errealitatearen menpe egon edo errealitatea erabat kontrolatu; eraikitzeko eta gobernatzeko, tarteko bideak daude, eta horiek aztertu beharko genituzke".

Honakoak izan dira sarirako gainerako hautagaiak: Luis Bakaikua musikaria, Francisco Etxeberria auzitegiko medikua, Jose Maria Goikoetxea konpositore eta organista, Flamarike ahizpak (jota kantariak), Pedro Lozano kazetaria, Maria Angeles Mezkiritz arkeologoa eta Miguel de la Quadra abenturazalea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Filosofia
Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
"Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz"

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Gorputzaren konkista

Gorputzaren gaiak pisua hartu du egungo diskurtsoetan, era askotara agertzen zaigu. Hala ere, eztabaida berri samarrak dira: beste garai batzuekin alderatuta, gorputza nahiko baztertua egon da Mendebaldeko pentsamenduaren historian.

Niri, egia esan, lagungarria egiten zaizkit... [+]


Adolf Eichmann: errugabea sentitzen zen nazia

Aurten 60 urte bete dira Hannah Arendtek Eichmann Jerusalemen liburua kaleratu zuenetik. Urte bat gehiago pasatu da Adolf Eichmann funtzionario nazia, Holokaustoaren "arduradun logistikoa", Israelen urkatu zutenetik. Eichmannen epaiketaren jarraipen... [+]


Eguneraketa berriak daude