Datorren abenduaren 21ean Coca-Cola kanporatu egingo dute Boliviatik, David Choquehuanca Kanpo ministroak iragarri duenez. "Abenduaren 21ak egoismoaren amaiera markatuko du. Coca-Colaren amaiera eta mocochinchearen [sagar-zukua] hasiera ekarriko du", esan zuen atzo Choquehuancak, Evo Morales presidentearekin batera emandako hitzaldi batean. Egun horretan "kapitalismoaren amaiera" ospatuko dutela gaineratu zuen.
Erabakiak "bizitzaren kultura" indartzea du xede, naturarekiko harreman armoniatsua sustatu eta herritarren osasuna hobetzea, besteak beste. Agintari boliviarrek azaldu dutenez, Coca-Colak, edari industrial gehientsuenek bezala, gorputzarentzat kaltegarriak diren substantziak ditu, eta haren kontsumoa bihotzekoekin eta garun-isuriekin loturik dago.
Hedabide batzuek erabaki "mediatiko eta populista" dela adierazi dute, eta Coca-Cola herrialdetik kanporatzeak kapitalismoaren amaiera ekarriko duela esatea gehitxo dela gaineratu dute.
McDonalds-ek Bolivia utzi zuen iaz
Coca-Cola soilik ez. McDonalds konpainia ere Bolivia uztera behartua izan zen iaz, kasu horretan, marketing kanpaina ugari abiatu arren, herrialdean zituen jatetxeek nahikoa bezero erakarri ez zituztelako. Bolivia da, Cubarekin batera, McDonaldsen jatetxerik ez duen herrialde latinoamerikar bakarra.
Ikusi Zergatik egin zuen porrot MacDonaldsek? dokumentala:
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.