Oraingoz, espioitza materiala eman eta "siriar zibilei laguntzeko konpromisoa" hartu du CIAk. CNN telebista kateak jakinarazi duenez, Barack Obama AEBetako presidenteak duela hilabete batzuk sinatu zuen Siriako oposizio armatua laguntzeko baimen sekretua. Dekretuak ez du zehazten CIAk armak bidaliko dizkienik Bashar Al-Assad presidentearen aurkako indarrei.
Iaz antzeko dekretua sinatu zuen Obamak, Libiako oposizioko indarrak laguntzeko. Baimenak CIAri eta AEBetako beste inteligentzia agentzia batzuei aukera ematen die Siriako gatazkan parte-hartze zuzenagoa izateko. Reuters agentziak azaleratu duenez, Obamaren aginduak aukera eman die AEBetako agenteei haien aliatu diren herrialdeekin lankidetzan aritzeko. Turkiak koordinatzen duen operazio-zentro batetik ari dira AEB eta haren aliatuak. NBC telebista kateak gehitu duenez, Siriako Armada Askeari 20 bat lur-airea misil bidali dizkio Turkiak.
AEBetako Gobernuak presioa egin du NBEko Segurtasun Kontseiluak Al-Assaden erregimena kondenatu dezan, baina Errusiak eta Txinak hiru bider bota dute atzera kondena-ebazpenaren onarpena.
Informazio gehiago:
Xake mate, Assad? Nazioarteko prentsak nola kontatu duen Siriako azken atentatua (ARGIA.com, 2012-07-19)

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.