argia.eus
INPRIMATU
Catalan eta Barcina aurrez aurre UPNko presidentetzarako
  • Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak jakinarazi du UPNko presidentetzarako hautagai moduan aurkeztuko dela, alderdiak martxoan egingo duen kongresuan. Aurrez aurre izango dira, hortaz, Catalan eta Nafarroako presidente Yolanda Barcina, UPNko bi sektoreen arteko akordioa hautsi ostean.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 07a
Yolanda Barcina iaz Nafarroako presidente kargua hartu zuenean, Alberto Catalan parean duela. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Duela hiru aste akordioa lortu zuten UPNko bi kideek: Barcina presidentea izango zen eta Catalan presidenteordea, baina "de facto" alderdiko buru bilakatuko zuten eskumen eta funtzio berriekin, Ramon Sola kazetariak Naiz.info-n azaldu duen moduan.

Akordio hori, ordea, hautsi egin da. Catalanek esan du alderdiak "sekula baino bizi eta indartsuagoa" izan beharko lukeela. "Adostasun ezak eta justifika ezinezko atzerapenek, ez nire aldetik, akordioa gauzatzea eragotzi dute", azaldu du Parlamentuko presidenteak hainbat afiliaturi bidalitako gutunean, Efe agentziak jakinarazi duenez.

Bere aldetik, Navarra TV telebista katean egin dituen adierazpenetan, Yolanda Barcinak esan du Catalan dela azalpenak eman behar dituena, eta ataka honetatik indarturik aterako den "alderdi demokratiko bat" dela UPN.