Iñigo Cabacasen familiak sei puntuko komunikatua aurkeztu zuen atzo (Naiz.info-n irakur daiteke, albistearen erdialdean). Bertan diotenez, Herrizaingo Sailak kalte-ordaina eskaini die esanez "komenigarriena" izango dela, "ia ezinezkoa" delako egia jakitea eta pilota jaurti zuen ertzaina identifikatzea.
Familiak gaineratu du dirua ez dela beraiek nahi dutena, bilatzen dutena justizia eta horrelakorik berriro ez gertatzearen bermea dela. Familiaren iritziz hori da Iñigori egin diezaioketen omenaldirik onena.
Bestalde, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Jone Goirizelaia familiaren abokatuaren deklarazioak “faltsutzat eta kalumniatzat” jo ditu eta “abertzale erradikalen” estrategiak jarraitzea egotzi dio.
Cabacasen gurasoek salatu dute hitz hauek arreta desbideratzearren erabiltzen dituela Aresek. Akusatuz defendatzen denak bere ahulezia erakusten duela gaineratu dute.
Komunikatuan azpimarratu dute Ertzaintzak abisurik gabe kargatu zuela eta poliziek jendeak Iñigo Cabacasi lagun ziezaion “oztopatu” zutela.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.