ARGIAko langilea naizenetik dozena erdi inguru greba orokorretan egokitu zait zuzeneko berriemaile aritzea. Aurreko guztietan Bilbon eman dut goiz osoa; gaur, aldiz, nire inguruko industria-guneetara jo dut. Eta horrek perspektiba aldatu dit. Lehenbizi onar dezadan ez dakidala, ez bainaiz egoten, egun arruntetan zenbat auto egoten den poligono horietan. Baina ez zait iruditu gaur zeudenak baino askoz gehiagorako lekua zegoenik aparkalekuetan. Urduliz, Sopela, Mungia, Zamudio… Greba usainik ez dut antzeman horietan, ez behintzat ni ibilitako orduetan, goizeko 9-10ak aldera.
Gero, Bilbon, manifestazioa –oso jendetsua- amaitu osteko agerraldian, gaurkoa azken hiru urteetako bosgarren greba orokorra dela nabarmendu du LABeko Ainhoa Etxaidek. Eta esan du kazetariek, egunotan, ea gehiegi ez ote ziren galdetu dietela sindikalgintzako buruei. Etxaideren erantzuna ezezkoa izan da noski, bai kazetari horien bai gaurko manifestarien aurrean. Bost greba orokor eta gehiago ere egiteko arrazoiak daudela begi-bistakoa da, baina Etxaidek aipatutako kazetarien kezka herritar askorena ere badela agerikoa iruditzen zait. Arazoa denok ikusten dugu, eta ez da arazo makala: ongizate estatua desmuntatzen ari dira. Baina badakigu zer tarte zabala egoten den arazoa ikustetik aurre egitera.
Errudunak identifikatzean nahastu egiten garela ez esatearren. Aurrekoan, berriki lana galdu duen ezagun batek honela ziostan: “Greba? Hara! Ni tabernaria banintz, ez nieke inoiz gehiago zerbitzatuko greba egunean gosaltzen amaitu bezain laster taberna ixtera behartzen nauten piketeetakoei”. Eta pentsatu nuen neoliberalismoak, zerbait irabazita badu, komunikazioaren borroka duela irabazita. Etxaidek azpimarratu nahi izan du greba orokorrak bata bestearen ondotik egiteko arrazoiak egon badaudela –“azken erreformekin, marra gorri guztiak zapaldu dituzte, eta horrelakoetan eman beharreko erantzuna eman daitekeen gogorrena da: greba orokorra”–, areago, hitz horiekin greba gehiago etorriko direla iragarri duela iruditu zait. Analisiarekin bat nator, baina sindikatuek ahalegina biderkatu beharko dute pedagogiari dagokionez, erantzun dinamika honi eutsi nahi badiote.
Hau guztiau esaten ari naiz grebaren jarraipen datuak oraindik ezagutzen ez ditudala; nire inpresioetan eta Twitter bidez jasotako zenbaitetan oinarritzen ari naiz. Ez dakit zenbakiek arrazoia kenduko didaten edo ez. Momentuz, geratu zaidan irudipena da kalera ateratzeko martxoko azken greban baino arrazoi gehiago egonagatik, erantzuna epelagoa izan dela. “Inoiz baino grebago”, ipini nion izenburua orduko hartan kronika honi. Gaur ere doinu bereko zerbait esanez hasiko nintzelakoan nengoen, baina usteak erdi ustel.
PS: tamalez, berriz ere poliziaren indarkeriaz hitz egin behar dugu greba orokor baten testuinguruan. Iruñean mutil bat buruan zaurituta erietxera eraman behar izan dutela irakurtzen ari naiz oraintxe. Bilbon beste horrenbeste gertatu zaio mutil gazte bati, kasu horretan begian kolpea hartuta. Bietan, pilotakada bat dela kausa. Bilbokoa El Corte Inglésen aurrean izan da; badirudi merkataritza-gune hori ikur bihurtzen ari direla batzuk zein besteak. Korteinglesa indarrez defendatzea zein bertara sartzen diren erosle eta langileei oldartzea -lubakiaren alde batean edo bestean egon- ohore kontu bihurtzen ari da.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.