Bizkaia hiltegirik gabe: Erralde elkarteak desegitea erabaki du

  • Erralde sozietate mugatuko arduradunek atzo eman zuten elkartea desegiteko erabakiaren berri. Bizkaiko hamabost udalek osatutako enpresak Durangoko hiltegia kudeatzen zuen, joan den urtarrilean itxi behar izan zuten arte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hala aginduta. Berrizen hiltegi berria eraikitzeko asmoa zuen Erraldek; alabaina, Durangokoaren aktibitatea eteteak egoera ekonomiko larrian utzi du elkartea.


2012ko urriaren 18an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Durangoko hiltegia ixtearen aurkako kontzentrazioa, aurtengo urtarrilean. Argazkia: Erralde.

Azkenik, beren burua desegitea erabaki dute, hartzekodunei zorrak ordaintzeko konpromisoa hartuta. Batetik, 340.000 euro eman behar dizkiete hiltegia erabiltzen zuten abeltzainei eta bestelako hartzekodunei; bestetik, 120.000 euroko kalte-ordainak zor dizkiete Durangoko hiltegian lan egiten zuten eta urtarrilean langabe geratu ziren hamazazpi beharginei.

Ikusteko dago orain erabakiak nola eragiten dion Berrizko hiltegiko proiektuari. Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak adierazi digunez, arazoak daude aurrera egiteko, besteak beste krisi ekonomikoaren erruz. Ez da hori oztopo bakarra, ordea. Erralde osatzen duten udalen asmoa beste entitate bat eratzea da, Berrizko hiltegia gauzatzeko zeregina izango duena (bide batez, helburu hori betetzeko eskatuta zeukaten 1,9 milioi euroko kreditua berriz negoziatzea egokituko zaie). Ansotegiren esanetan, Berrizkoa martxan jartzeak ahalbidetuko lieke aipatutako zorrak “epe ertainean” kitatzea. Baina desadostasuna dago elkarte berriari udal bakoitzak egin beharko liokeen ekarpenaz. Hamalau udal ados daude orain arteko formularekin jarraitzeko, alegia, bakoitzak bere tamainaren araberako ekarpen ekonomikoa egiteko; Elorriok, aldiz, udal guztiek ekarpen berdina egitea gura du. Desadostasuna bideratzeko lanean dabiltzala dio Ansotegik.

Joan den urriaren 8an, Unzalu Salterain eta Alberto Llona EHNE-Bizkaiako kideek (EHNE-Bizkaiak Erralden parte hartzen du) Berrizko hiltegia eraikitzeko proiektua sendotu beharraz hitz egin zuten Gara egunkarian. Garai batean, 48 udaleko mankomunitateak kudeatzen zuen Durangoko hiltegia, 2005ean lehen aldiz itxi zuten arte. Haietako batzuek Berrizko egitasmoarekin bat egiteko kanpaina iragarri zuten Salterainek eta Llonak. Kide kopurua handitzea Erraldek beti irekita eduki duen frontea da, edozelan.

Durangoko hiltegiak bere aktibitatea mantendu izanak erraztuko zukeen Berrizkoa egin arteko trantsizioa, baina EAEko Osasun Sailaren itxikeriak hori eragotzi du, EHNE-Bizkaiako ordezkari biek salatu zutenez. Erabaki hori Zorrotzako (Bilbo) hiltegi zaharra ­–2010ean itxi zuten, zorrek itota– sustatzen zuen enpesa-lobbyen presioaren ondoriozkoa dela gaineratu zuten: “Europar Batasunak ez zion trabarik jarri Durangoko hiltegiak lanean jarraitzeari”. Osasun sailak hiltegi zaharra uzteko emandako argudioa da, hain zuzen, Europar Batasunaren arauak ez zituela betetzen. Erraldek hiltegian egindako hobekuntzek ez zioten Jaurlaritzari iritzia aldarazi.

Abeltzaintza ulertzeko modu bi daude aurrez aurre. EHNE-Bizkaiak aldarrikatzen du atzo arte Erralde izenak ordezkatzen zuen proiektua elikadura-burujabetzaren filosofian txertatuta dagoela bete-betean. Gogoan hartu behar da Durangoko hiltegian hiltzen zituzten abereen %90 Bizkaikoak zirela, eta handik irteten zen okelaren %95 Bizkaian saltzen zela. Salterainek eta Llonak aipatutako lobbyek Zorrotzan bultzatu nahi izan zutena, aldiz, eredu intentsiboa zen, zentralizatua, eta Erraldeko ordezkariren batek inoiz esan bezala, bideragarria izateko “handiegia”.

Momentuz, Bizkaian ez bata ez bestea. Urtarriletik, Bizkaiko abeltzainak Gipuzkoara edo Laudiora (Araba) joatera behartuta daude ganadua hiltzeko, eta halaxe jarraituko dute, luzaroan itxuraz.

Informazio gehiago:

ARGIAk Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteari egindako elkarrizketa (2012-5-13).


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude