Biladi Hadi izeneko ("Biladi" hitzak "nire lurra" esan nahi du arabieraz) brigada berezi hau Askapena erakunde internazionalistak iaz antolatutako Elkartasunez Tour ekimenaren jarraipena da. Orduan artista palestinarrak (bertsolariak, abeslariak...) izan ziren Euskal Herrian emanaldi eta harremanak egiten. Oraingoan euskaldunak izan dira Palestinara abiatu direnak. Arlo ezberdinetan lan egiten duten euskaldunak; bertsolariak, irakasleak, ikasleak, kazetariak, musikariak eta antzerkilariak, besteak beste.
Arloz arlo eta elkartasunez Zisjordanian emanaldiak burutu dituzte bertako kultura arloko lagun zein herri mugimenduarekin. Modu honetan bi herrien arteko harremanean sakondu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi izan diote. Euskal Herrian ere fruituak emango ditu brigadak. Esperientzia honetan bildutako materialarekin, besteren artean, liburu, dokumental eta abestiak sortuko dituzte datozen hilabeteetan.