Internet orain arte den bezala maite baduzu, hasi kezkatzen: azkenaldiko mugimenduak ikusirik, ematen du sarea katez eta giltzarrapoz lotu nahi dutela. Hadopi, ACTA, Ekonomia Jasangarriaren Lege Proiektua, sarearen neutraltasunaren kontrako mehatxuak…
Beharbada jakin nahiko duzu horiei buruz zer edo zer gehiago, zure askatasuna baita jokoan dagoena. Kontua AEBetan hasi zen aspalditxo, eta azken bizpahiru urteetan lehorreratu da Europan.
1998an onartu zuten usamerikarren herrian “Digital Millenium Copyright Act” (DMCA) izeneko legea. Printzipioz egile eskubideen urraketaren kontra prestatu zuten, baina legeak zera ere debekatu zuen: eskubide horiek urra zitzaketen teknologiak sortu eta zabaltzea. DMCAk delitu bihurtu dizu, adibidez, era ondraduan erositako DVDko edukiak deskodetu eta kopiatzea, demagun, zure bideo aparailu eramangarrian ikusi nahi duzulako. Eta Interneten, webguneak salatzeko erraztasun handiak eman dizkie copyrightarekin babestutako edukien jabeei: nahikoa da zure blogak babestutako materiala dagoen lekuren batera lotura egitea.
Sinesteko zaila. Baina galdetu Cryptome webguneko arduradunei. Aurtengo otsailean argitaratu dute Microsoften barne manual bat, azaltzen duena nola hitz egin behar duten enpresako langileek poliziarekin, ustezko gaizkileen datuak eskatzen dizkieten kasuetan. Dokumentuak agerian uzten du Microsoftek gure zenbat datu dauzkan –gauza jakin samarra, bestalde–; baina gaurko gaiarekin lotuta, problema handiena zera da: multinazional horrek, DMCA erabiliz, salatu egin zuela webgunea; eta lortu zuela Cryptome ixtea, inolako epaileren beharrik gabe. Ordu batzuk beranduago salaketa kendu eta berriz zabaldu zuten. Berandu: kristala baino gardenago ikusi baita legeak zertarako aukera eman dezakeen. Webguneak zentsuratzeko erreminta ezin hobea da.
Horixe bera azpimarratu du Electronic Frontier Foundation erakundeak. DMCAren 12. urteurrenean balantzea egin du eta gupida gutxi ukan du legearekin: adierazpen askatasuna eta ikerketa zientifikoa eragotzi dituela baieztatu du; arriskuan jarri duela legezkoa dena ere; eta berrikuntza eta konpetentzia eragotzi dituela.
ACTA: AEBetako legedia mundu osora
Baina zu lasai zaude. Azken finean, horiek yankien aferak dira. Edo... ziren? Entzun al duzu zerbait “Anti-Counterfeiting Trade Agreement” (ACTA) izeneko akordioari buruz? Ez, ez da harritzekoa. Orain dela gutxi arte isilpean eduki dute. Baina ezagutzeko modukoa da, mundu osoko 40 herrialde ari baitira horretaz eztabaidatzen, G8koak buru eta Europar Batasuna ere tartean dela. Eta, portzierto, inolako nazioarteko erakunde kontuan hartu gabe ari dira lanean, konspirazioen teoriak gustuko dituztenei bazka ederra emanez; baina, eta hau da garrantzitsuena, horrelakoekin fidakaitz direnak ere larrituz.
Egitasmoaz dakigunarekin, beldurtzeko arrazoiak badaudela dio, adibidez, Nate Anderson Ars Technica webguneko editoreak. Otsailean publikatutako artikuluan irakurri diogu: “Badirudi ACTA estrategia bat dela AEBetako DMCA mundu osora zabaltzeko”. Beste gauza batzuen artean, nazioarteko akordio horrek Interneti galbahea jarri nahi dio, webgune batzuk ikusi ez ditzazun. Egile eskubideak errespetatzen ez badituzu, abisu bat bidaliko dizute; tematzen bazara, beste bat; eta hirugarren abisuarekin, Interneteko konexioa moztuko dizute. Interneteko zerbitzuen hornitzaileak ere saltsan sartu ditu ACTAk. Copyright-urratze baten berri jasotzen badute, beren zerbitzarietan dagoen edozein eduki ezabatu behar dute. Eta hori egingo dutela ziurtatzeko, enpresa horiek berak sartu dituzte susmagarrien zakuan: ACTAk ez ditu zuzenean jazarriko, baldin eta edukiak kentzeko konpromisoa hartzen badute copyright salaketak jasotzen dituztenean. Enpresak bihurtzen dira aizkora dantzatzen duten borrero.
Baina, nola jakin nor ari den copyrighta urratzen eta nor ez? Hor dago koska: ACTAk Internet estatu polizial bihur lezake, bidea libre uzten baitu mundu guztiaren jarduerak espiatzeko. Ez da guk esana, Peter Hustinxek baizik. Hustinx Datu Babeserako Europako Ikuskaria da eta aurtengo otsailaren 22an hogei orrialdeko adierazpena eman du argitara. Kexatu egin da, Europako Komisioak ez diolako akordioari buruz ezer galdetu. ACTAz, besteak beste, nabarmendu du hainbat praktika ezartzen dituela “oso erasokorrak norbanakoen esfera pribatuarentzat”; internauten jardueren “monitorizazio orokortua” sortzen duela “baita erabat legezkoak direnenak ere”; eta milaka erabiltzaileri eragiten diela, “haur eta nerabeak tarteko”; baita, jazarpen hori talde pribatuek egingo luketela ere, kontrol publikorik gabe. “Jabetza intelektuala gizartearentzat garrantzitsua da eta babestu behar dugu, baina ez genuke jarri behar norbanakoen oinarrizko eskubideen gainetik”.
© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403