Bertso Eguna, saio deserosoa

  • “Zer moduzko saioa izan da?”, galdetu nien ingurukoei. “Deserosoa”, askoren erantzuna. “Eskerrik asko, egiatan pila pozten naizela”, nik bueltan.


2014ko urtarrilaren 27an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Ainhoa Agirreazaldegi Bertso Eguneko momentu batean (argazkia: Bertsozale Elkartea).

Ez da kasualitatea generoaren inguruan antolatutako Bertso Egun baten harira entzuleetako asko patxadaz ez egotea. Nago gaiak berak nerbiostu egiten gaituela. Arrazoia: genero eraikuntzak barne-barnetik ukitzen gaitu eta ez gaude ohituta tabladuan ikustera.

Horregatik jotzen dut garrantzitsutzat larunbatean gertatu zena, “klak” asko eraginen zituelako.

Era sinplean azaltzeko: zergatik entzun izan ditugu falo bedeinkatuaren inguruko makina bat bertso eta ez aluaren inguruan? Zer dela eta da alopezia umorearen hit nazionaletako bat? Zergatik deitzen gaituzte saio askotan neska bat behar dutelako soilik? Bat!?

Kursaaleko ekitaldia ez zen “emakumetasunaren inguruko saioa” izan, zenbait hedabideetan irakurri dudan bezala. Baizik eta rolen inguruko hausnarketa, sexu eta generoaren inguruko galderak plazaratzeko unea, binarismoa ezbaian jartzeko aukera eta nork beretik kantatzeko tartea. Alegia, elkarren artean gauzak beste forma batean egiteko saiakera. Ez sexuen arteko gerra, ez emakumeen laudorio esentzialista. Ez.

Performancetik bertsoetara

Alferrik hasiko naiz bertsoaldiak banan banan aztertzen Bertso Egunaren aje mediatikoaren ostean. Alferrik ere, zaila zaidalako kantukideen lanaz aritzea. Eta egia esanda, aitortu behar dudalako oholtzan deskontzentratu eta bertsoaldi gehiegitan deskonektatu nuela…

Dena den, baditut iltzatuta geratu zitzaizkidan zenbait puntu. Bat, Gaztelumendi Lujanbiorekin ofizioka hartu-emanean. Emakume edo gizon izatearen inguruan ari ziren, eta hor bota zuen añorgarrak: “Ez naiz zabala, ez naiz lerdena. / Ni ez naiz gizona esandakoan / burura etortzen dena”. Maskulinitate hegomonikoaz egiten zuen solas, eta eredu berrietaz. Gizon izateko aniztasunaz.

Umorea nagusi

Elortzak, Alberdik eta Elustok mozorroen inguruan jositakoa ere polita izan zen. Egoera ezberdinetan zein mozorro janzten zituzten galdetu zien aurkezleak. Lehenik eta behin, familiarekin; gero, erakargarri zitzaien pertsonarekin; bukatzeko, etxean zein mozorro kentzen zituzten galdetu zien. Elustondok bota zituen perla handienak: "Bazkarien bezperan parranda bortitza/ edaten dut ardoa, edota anisa/ ta tarteka erretzen baitut kanabisa/ nahiz resakosa egon, hala da bizitza/ esaten dut dudala gastroenteritisa". Umorez dena.

Horretaz gain, nerbioak medio, nik arreta handiz segitu ahal ezin izan nituen bertsoak izan ziren. Aitatasuna, lehenagoko bertsolariak, bertsolaritza bera, lehia, egoeraren aldaketa… Galdu nituen, baina Bertsoa.comen ikus ditzakezue. Bertsoaldi latzak joan zirela aditu dut.

Lehen pertsonan solasean hasiz gero, Enbeitarekin eta Lazkanorekin batera sexualitatearen gaia lantzea tokatu zitzaidan. Ni Lazkanorekin harritu nintzen gehien. Ez da eguneroko ogia bere adineko emakume bat entzutea sexuaz, are gutxiago horren punky, hain benetazko eta aldi berean lotsarik gabe: “Beraz ez naiz hasiko saltoka, armairu gora igota/ eztarritik ta beste hortatik nahiko sekoa nago ta”.

Bukatzeko: Txoperena eta Alberdi. Kopla bidez. Alberdik bota zuen saioa ongi laburbil dezakeen bertsoa: “Hala bazan edo ez bazan/  Ea ipuin hau aldatu dala/ sartzen zaigun Kalabazan”.

Bitartean, etxera buelta barrenak nahastuta. Kalabazatik baino, gorputzetik kantatu ostean. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


2024-03-04 | Bertsozale.eus
Asier Otamendik irabazi du Dulantziko finalerdia eta finala erabakita geratu da
Larunbat honetan jokatu da bigarren eta erabakiorra izan den finalerdia Dulanziko Kultur Etxean. Asier Otamendik bereganatu du martxoaren 16an jokatuko den finalerako bigarren txartela.

Onintza Enbeita
“Honetan guztian egon nahi dut, hau guztia ukatu zaigun garaian ere egon naizelako”

Hamahirugarren Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta bederatzigarren finala izan ziren iazkoak Onintza Enbeita Maguregirentzat (Muxika, 1979). Irautearen esfortzua eta poza ederki ezagutzen ditu, bertsotan zein handik kanpo, eta horri esker dago dagoen lekuan. Irauteko aldatzeari... [+]


Eguneraketa berriak daude