Generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren gai nagusia. “Azalera” izenpean bultzatutako ekimenean “erantzunak baino galderak” planteatuko dituzte. Hilaren 25ean, larunbatean, izango da Donostiako Kursaalean.
“Umoretik eta positibotik”. Hala hartu nahi du Bertsozale Elkarteak generoaren lanketa; alegia, ez “lezioak ematen”, era eraikitzailean baizik.
“Azalera” hitzaren hiru adierekin jolastu nahi izan dute. Batetik, generoaren gaia “azaleratu” nahi dute, argitara eman; bestetik, “azalera” ekarri nahi dute, sentimenduetara, hain zuzen; eta hirugarrenik, “azalera” espazioari egiten diote erreferentzia, presentzia aldarrikatzeko.
Egitaraua eta bertsolariak
Goizean goiz emango diote hasiera, 12:00etan, Donostiako Alde Zaharreko tabernetan bertso poteoa antolatu baitute. Honako hauek izango dira kantuan: Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia.
Arratsaldean Kursaaleko ekitaldi nagusian bertsoak beste diziplinetako arte adierazpenekin elkartuko dituzte. Hamabi bertsolari igoko dira oholtzara: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga
Afalosteko emanaldian ere makina bat sortzaile arituko dira: Miren Artetxe, Estitxu Eizagirre, Idoia Etxeberria, Onintza Garcia, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Hodei Unzueta, Aitor Bizkarra, Joritz Bastarrika, Oihana Makazaga, Uxue Larrukert, Aitor Servier, Asier Galarza, Maialen Akizu, Eli Pagola, Kattalin Barcena, Paule Loizaga eta Lorratzak taldea.
Sarrerak oraindik salgai
Gutxi geratzen diren arren, oraindik bada Kursaalerako saiorako eta afarirako sarrerak eskuratzeko beta Bertsozale Elkartearen sarreren gunean.
Bidea urratu duten bertsoak, ARGIAren eskutik
Emakumeek bertso munduan egindakoa zenbait alerekin bertso bilduma osatu du ARGIAk, Bidea urratu duten bertsoak izenburupean. Otsailearen 9ko alearekin batera banatuko dugu, eta interneten ere egongo da eskuragai, PDF bertsioan.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.
Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.
Ainhoa Urien, Onintza Enbeita, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira taldean, Batzar Nagusian bazkideek bozkatu eta onetsi ondoren.