Benitoren Zuberoa

  • Oier Araolazaren aholkuari jarraituz, sare sozialean sortu zen gai bati buruz idaztea erabaki dut. Gai mamitsua, baina gogoratu, hau ez da gauzak nola diren edo nola ez diren azaltzeko topagunea, honek gogoetak trukatzeko tokia nahi du izan.


2013ko otsailaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Benito Lertxundi artxiboko irudi batean.

Benito Lertxundiri azkeneko Entzun!aldizkarian Urko Ansak egindako elkarrizketaren harira, galdera batek sortu zidan gogoeta hau konpartitzeko gogoa. Galdera baino, erantzuna izan zen nire gogoetaren iturria:

Urko Ansa: “Antza denez, Zuberoan zuk konposatutako Matalaz abestiko hitz batzuk zuzendu egin zizkizuten: gaizki kantatzen omen zenituen! Herrikoia dela uste dute! Era berean, Atharratzeko Gazteluko Kantua eta Jaun Baruak zuk berreskuratu zenituen, guztiz galduta zeuden. Baina jende horrek zure bertsioak kritikatu ditu”

B. Lertxundi: “Hor gertatzen da badagoela “kamarilla” bat, bakar batzuk oso puristak direnak. Ez dira konturatzen duela lau mende sortu zen kanta bat, handik honaino erabat aldatu dela. Kantatu duen bakoitzak aldatu egin du, eta hori izan da beste batentzako eredua, honek imitatu egin du eta beste zerbait erantsi dio oharkabean, kate horri jarraituz. Duela lau mendeko kantu hori ez genuke ezagutu ere egingo. Baina, hain zuzen, kantuaren handitasuna horixe da, aldatu egin dela, eta finean osatzen joan dela. Ahoz aho. Baina jende honek izoztu egiten du kanta” (2012-2013ko Entzun!, 9. orrialdea).

Gai zaharra inondik ere. Hasiera hasieratik argi utzi nahi dut hau ez dela Benito Lertxundi versus Zuberoa bat. Benitok kantuen transmisioa ezin hobe azaldu du erantzunean. Tradizioa, alegia. Dantzarekin, musikarekin edo ohiturekin gauza bera gertatzen da. Laburpen gisa, esan dezakegu ondare hauek urteen baitan hainbat aldaketa jaso dituztela, eta aldaketa horien arrazoiak ezberdinak izan dira. Adibidez, orain hain errotutak ditugun dantzen orkestra ereduak herriaren musikari edo diruaren arabera aldatuz joan dira. Otsagabian orain gaitekin jotzen diren dantzak klarineteekin jo izan dira, eta Lantzen gerra aurretik inauteria gaitekin egiten zen, txistuarekin ordez. Zuberoan emakumeak dantzan hasi ziren mutilek soilik egiten zituzten postuetan, jenderik ez baitzegoen bakarrik gizonekin maskaradak ateratzeko. Hamaika adibide ditugu. Transformazio horiek onartzea tradizioaren ikuspegitik herrien folklorea ulertu eta gozatzeko ezinbestekoa dela esan daiteke. Aldaketa hauen alde ez dagoena, ordea, puristatzat jotzen dugu eta akabo eztabaida. Baina beti bezala, ez txuri ez beltz. Benitoren azalpena interesgarri eta hezigarria izan arren, badira gaiaren inguruan kritika hauek ulertzeko beste aspektu eta perspektibak.

Oierrek aipatu du garaiko Egunkarian Beñat Axiarik Benito Lertxundik Zuberoako kantuei emandako formaren inguruan egin zuen kritika, eta esan dezakegu Axiarik badakiela zertaz hitz egiten duen, hau da, Axiariren kritikak ez du zer ikusirik purismo edo izoztearekin. “Axiariren kritika beste bide batetik zihoan, kantu horiei emandako forma, estetika folk ederzalea kritikatzen zuen, zuberotarren a capella kantagintzaren askatasun interpretatiboa mugatzea eragiten ari zelako, eredu zurrunagoak instalatuz.”

Egongo da ere Lertxundiren kanta edo bertsioak “kritikatzeagatik” kritikatu dituztenak, noski. Hala ere, Axiariren ikuspuntu honek Entzun!-en egindako galdera eta erantzuna aztertzera garamatza. Esaten dute kritikak daudela baina ez dute zehazten zer den kritikatzen dena. Agian hitzak, baina hitzekin adibide bakarra da kritikak jaso dituena, “Tirano arrotzen hiltzeko”, Matalaz kantuko azken esaldi polemikoa. Aldiz, bere zuberotar kantu guztiak horregatik kritikatuak izan direla esateak ez du zentzu handirik. Bestetik, galderan elkarrekin doaz “Matalaz kantuko hitzak zuzendu zizkizuten” eta “ herrikoia dela uste dute!” esaldiak, bata bestearekin bateraezinak bailiran. Gogoratu behar dugu Matalaz kantuaren musika, “Altabizkar-Itzaltzuko Bardoari” (1980) disko bikoitzan datorren bezala, Lertxundik egin zuela, baina hitzek zuberotar jatorria dutela. Beraz, kantua “herrikoia” ez izan arren, hitzak gaizki egon daitezke berdin-berdin. Ez dira hitzak, ordea, Axiariren ikuspuntuan kritikatzen direnak. Araolazak azaldu  bezala:

“Benito Zuberoan bildutako kantak grabatzen eta eskaintzen hastean, Zuberoako kantuzaleentzat bultzada eta babes handia izan zen, errekonozimendu moduko bat eta ordurarte bazterrekoa zen kulturaren alor bat, euskal panoramaren erdigunean jartzea ekarri zuen. Bikain! Baina horrekin batera –eta horretaz, Zuberoan ere ez ziren konturatu urte batzuk pasa arte–, beraien ordurarteko kantu interpretazio moldean eragin handia izan zuen. Ordurarte, interpretazio eredu desberdinak (herrietakoak, auzoetakoak, kantari ontzat hartzen zireneneak….) tabernan, pastoraletan eta emanaldi solteetan jasotzen ziren. Benitoren kassetak agertzen diren unetik aurrera, eta haiek entzunda Zuberoaz maitemindutako manex saldoak Zuberoara agertzen hasten direnean, oso modu bortitzean agertzen da beste eredu bat, eta horri ihes egitea ia ezinezkotzat gertatzen da tarte batean. Pastoral edo maskarada egunetan, taberna batean talde bat kantuan hasi, eta altzükütürra ala barkoxtarra izan, bakoitza bere “manerara” eramaten saiatzen zen konpartitzen zuten kantuaren interpretazio lokala. Benitoren agerpenarekin, lehia horretan beste eredu bat sartzen da, indar izugarria daukana etxe guztietara iristeko gaitasuna duelako, eta ordurarteko barianteekin alderatuta desberdinena izan arren, denbora gutxian ia-nagusitu egiten da. Zuberotarrak horretaz konturatzen direnean, bere eredu interpretatiboa berriz ere aldarrikatzen hasten dira, eta hor sortzen dira Benitoren ereduarekiko lehen kritikak. Honek guztiak ez du esan nahi Benitoren kontrako jarrera bat dagoenik. Nik ez dut horrelakorik antzeman Zuberoan. Baina distantzia hartu beharra antzeman zutela bai, eta Benitoren kantaerak ez zituela beraiena galtzera eraman behar. Zuberoako kantaerari, eta honen eboluzio natural, propio eta libreari, eutsi behar ziotela. Bedaxagar, Etxart-arrak, Larrandaburu, Bordaxar, Altzükütarrak,… Benitok kantatu zituen hainbat kanta eskaini dituzte azken hamarkadetan, baina Benitoren eredu interpretatibotik jarraitu beharrean Zuberoako tradizioari eutsiz, eta aldi berean bide berriak jorratuz.”

Honek guztiak beste bost orrialderako eman dezake, baina ez da hori helburua. Zaila da ondorio orokor bat ateratzea, baina nik esango nuke, Oierrek dioen bezala, gaur egun ez dagoela Lertxundiren kontrako jarrerarik, eta badirudi kazetariak, intentzio onez izan bada ere, putzu bare eta ahaztu batean polemika bilatu nahi izan duela. Benitok hain arrakastatsua den folk-ederzale estetika eta forman egin zituen bere grabaketak, baina esan bezala, zuberotar kantari askok kanta hauek haien herriko “a capella” modu tradizionalean ematen dituzte, eta hori, tradizio beraren fase eder bat izateaz aparte, Benito Lertxundiren garaipen kultural erraldoi bat da. Nik Maulen zuberotar batzuk entzun ditut Matalaz kantatzen, eta nik badakit kanta hori Lertxundik egin duela, baina momentu batez kanta Benitorena izatea ezinezkoa zela etorri zitzaidan burura, kantu horrek, alegia, zuberotarren ahoetan ehunka urte daramatzala iruditu zitzaidan, Benitok tranpa egin zuela. Ez da posible! Eta hori ez du edonork lortzen. Herrikoia ez dela dio Urko Ansak, baina nahi gabe edo, herrikoiak bihurtu dira bere kantuak. Traizioa tradizio bihurtu du, ufa!

Zuberotarrei esan diet inoiz, txantxa moduan beti ere: “ez zarete ezer Benito gabe!”, eta haiek pozik erantzun: “agian ez, baina are gutxiago Benito gu gabe!”

Eta postdata moduan, gogora dezagun Niko Etxartek Eperra kantu enblematiko eta inkunablea bateria eta gitarra elktrikoekin grabatu zuela aita eta koinatarekin “a capella” moduan grabatu baino 25 urte lehenago. Beraz ez dezagun gai hau bakarrik Benitoren inguruan jorratu, badira halako adibide asko ere.

Artikulu hau Julen Leuzaren Zenonen Larraindantza blogetik hartua da. Bertan kulturari buruzko artikulu gehiago topatuko dituzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matalaz
2014-02-23 | Sustrai Colina
Manex Fuchs
"Jendearen mamuei heltzetik dator antzerkiaren iraupena"

“Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartua...”.


Johañe Pitrau
Laborari menditarrak esnarazi dituen lider zuberotarra

Esan Pitrau eta txapela erantziko dizu askok Zuberoan bezala Nafarroa Beherean edo Lapurdiko mendialdean. Johañe Pitrau Erbin, XX. mendeko euskaldun inportanteenetako bat dela esatea ez da esajerazioa: hiru mende lehenago Bernard Goihenetxe Matalaz deituak Zuberoako... [+]


2011-04-02
Ttittika Rekalt: “Egin dezagün iraultza, ezkerrak xurga dezala zakil eta arrautza!”

Eta pastorala hankaz gora jarri zuen kristaua.

Askatasuna behar duela sortzaileak…

Gaixotasun mental pixka bat ere bai, ego elegante bat eta, prefosta, sosa, bena hori hanitxetan ahazten zaie emaitea...


Eguneraketa berriak daude