Barcinak zutik bukatu du asaltoa

  • Yolanda Barcinak badaki bere burua defendatzen. Bestela, ez zen oraindik Nafarroako Gobernuko buru izango. Azken urteetako ustelkeria eskandaluek eta eskubide sozialak murrizteko hartutako neurriek kinka larrian jarri dute haren agintea eta Goicoechea auziak jo lezake enborra botako duen kolpea. Barcinak badaki. Eta afera ikertzeko batzordean artilleria guztia atera du.


2014ko otsailaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Yolanda Barcinak itaunketa luzeari erantzun dio Goicoechea auziko ikerketa batzordean (argazkia: Diario de Noticias).

Astearteko 16:00etan hasita iluntzeraino luzatu den itaunketan Nafarroako presidenteak irudi poetikoak ere inspiratu ditu. Nokeatuta erortzear dagoen boxeolariarekin konparatu du Joxerra Senar Berriako kazetariak, etengabe borrokan trabatuz eta denbora irabaziz. Irudi silbestreagoa etorri zaio Radio Euskadiko Haritz Pascuali: “Batzordeak herrietako bigantxen antza du jada, hasieran tentsioa, errekorteak, pasaldiak... Orain behia plazan bakarrik bueltaka”.

Bost arrazoibide nagusitan laburbildu daiteke Nafarroako presidentearen defentsa.

Dena ukatu

CANeko txostenak eskatu izana eta enpresa batzuei tratu berezia eman izana ukatu du Barcinak. Alde horretatik Barcina ez da Lourdes Goicoecheak egindako adierazpenen aldean oso desberdin aritu. Eta ukatu ez duenean, Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiari bota dio lokatza: BEZaren itzulketa atzeratzea haren ideia izan zela dio Barcinak.

Pertsona naiz politikaria baino lehen

Beharbada Barcinaren arma ezezagunena? Nafarroako presidenteak bere alderdi bigun eta zaurgarria plazara atera du oposizioaren “erasoa” neutralizatzeko. Presidenteak “pertsona naiz politikaria baino lehen” dio lerro artean, Goicoechea defendatzen emozionatuta agertzen delarik. Zenbait galderak “iraintzen” dutela esaten duelarik. Eta oposizioari pertsona baten ohorea deuseztatzea leporatzen diolarik, baita Nafarroako errealitatea “nazio mailan” (uler bedi Espainian) auzitan jartzea ere, zertarako eta “helburu politiko” bat lortzeko.

PSN arrastaka putzura eraman

“Hondoratzen banaiz, zuek nirekin”. Horrelako zerbait pentsatu du Nafarroako presidenteak PSNrentzat. BEZaren itzulketa atzeratzea 2011n ere egin zutela gogorarazi du eta orduan sozialisten oniritzia izan zutela. Roberto Jimenezen kontra zuzen-zuzenean jo du, esanez PSNko kidea Gobernuko presidente-orde zenean Ogasunaren aurrean zenbait enpresarengatik interesa agertu zuela berak ere. “Goicoechea kontseilaria influentzia trafikoagatik salatzeko erabili duten gertakari bera”, Barcinaren aburuz.

Ez da nire eskumenekoa

BEZaren itzulketarekin egindakoa Nafarroaren gainetik dauden agintarien kontua da Barcinak dioenez. “Aurrekontuen egonkortasunerako lege nazionala baitago eta betetzea derrigorrezkoa da”, dio Barcinak. “Espainiako aurreko Gobernuak onartu zuen lege hori, Rodriguez Zapaterorenak”. Eta Nafarroak legea betetzen duen erkidegoa izaten jarraitu behar du, Barcinaren arabera.

Bilduren mamua erabili

UPNko buruentzat trikimailu klasikoa bihurtzen ari da koalizio subiranistaren beldurra haizatzea edozein koloretako ustelengatik kontuak eskatzean. Ikerketa batzordean berriz ere erabili du Barcinak kontubernioaren karta. Adibide labur bezain adierazgarria: PSNko Pedro Rasconek presidenteari galdetzen dio ea UPNko ikerketa batzordeko kideekin bildu den agerraldiaren aurretik. Barcinak erantzuten du bera behintzat ez dela Txelui Morenorekin bildu.

Printzipioz Barcinarena izan da ikerketa batzordeko azken agerraldia ondorioak ezagutzera eman aurretik.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Goicoechea auzia
Roberto Jimenez badoa, PSN-n Madrilek agintzen duela adieraziz

Roberto Jimenez badoa PSNko buruzagitzatik eta zergatik azaldu nahi du. EFE agentziari egindako adierazpenetan, Yolanda Barcinaren aurkako otsaileko zentsura mozio ustela jo du kausa nagusitzat.


Politikari, dimititu demontre!

Politikari guztien artean bada oso sustraitua dagoen jarrera bera: ez dimititzea.


2014-03-18 | Iera Aranburu
Barcinak azalpenak emango ditu Parlamentuan ikerketa batzordearen ondorioez

Nafarroako Gobernuko presidentea Goicoechea auziko ikerketa batzordea ondorioez ariko da Legebiltzarrean. Batzordeak dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion.


Zein litzateke bide juridikoa EAEk eta Nafarroak bat egiteko?

PPk eta PSOEk Nafarroako egoeraz duten kezkari buruzko artikulua argitaratu du Manuel Sanchezek ElDiario.es-en. Une honetako egoeraz gain, Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa elkartzeko bide juridikoaz hitz egin du hainbat politikarirekin.


Eguneraketa berriak daude